Bestak 2025

Aniztarrek ederki hasi dute hilabetea herriko bestak ospatuz

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 6a

Aniztarrek bestak ospatu zituzten urriaren 3tik 5erat eta bilkuraz bilkura bestak antolatzen ibili ondotik, herri giroan frontoian bildu eta disfrutatzeko denbora tartea hartu zuten hiru egunez

Testua eta argazkiak: Maitane Maritorena.
 
Jakin badakigu norbaitek besta egiteko, bertze norbaitek lana egin behar duela... bada  Anizen lana eta besta jende berak egin ohi du, antolatzaileak eta parte hartzaileak aniztarrak izaten baitira. 
 
Ortziralean ezkilak jo eta  altxaferoak bota ondotik Jaione eta Maiderrekin herriari itzulia eman eta frontenisean aritu ziren gaztettoak. Arratsaldean finala izan zen, irabazlea Hegoi izan genuen.Frontenisa akitu ondotik, bigarren itzulia egin zen herrian barna. Goizean Anizko musikariekin egin zena, arratsaldean kanpoko txistulari, gaitari eta atabalariarekin egin zen. Plaxa-xarren joaldi eta dantza pare bat egin ondotik, frontoian mutildantzak dantzatu eta Baztan-zopen tenorea ailegatu zen. Besta biharamuneko ordu ttipiak artio luzatu zitzaion bati baino gehiagori, baina... besta egitea ez denez aski, erran bezala, besta egin zuten Anizko gazte horiek berak izan ziren larunbat goizeko ginkana antolatu zutenak eta ondotik paella lehiaketan parte hartu zutenak. Aurtengo paella hoberena  Elorrik, Arantxak eta Oihanek egindakoa izan zen epaimahaiarendako. 
 
Bazkariaren ondotik musean, mahai jokotan eta partxisean aritu ziren aniztarrak herri kiroletan aritzeko txanda ailegatu artio. Hontakoan aniztarrak ez ezik, Basaburuko gainerako herrietakoak eta arraziotarrak izan genituen parte hartzen. Baztandarren arteko arpan desafioan Irunek eta Danik irabazi zuten. Larunbata akitzeko, Joana eta Olaiaren kantaldi ederraz gozatzeko aukera izan zuten bertaratu ziren guztiek.
 
Hirugarren egunean aitzineko egunean akitu gabe utzi ziren josteten finalak jokatu ziren: musean Asierrek eta Iratxek irabazi zuten, partxisean, berriz, Aroak. Zikiro jate ondotik, aurten ohiko bingoa izan beharrean, bingo musikatua izan zen lehenbiziko aldiz. Bederatzi urtez bingoa antolatu duten Asier eta Aitorri parodia gisako bat egin zitzaien, beraiek urtero egin izan dutena imitatuz, eskertza gisa detaile ttipi bat eman zitzaien. Bingo musikatuan zikiro jatean zeuden guztiek parte hartu zuten, norberak bere paperean zuen kantua aditu eta bingoa osatu artio  euskal kanta andana aditzeko aukera izan zuten bazkaltiarrek, harik eta Izarrek bingoa egin zuen artio.
 
Arratsaldeko 19:00etan, hondar urteetako ekitaldi "izarra" izan genuen: karaokea. 
Karaokean kantuz eta koreografiak asmatuz aritu ziren talde desberdinetan partiturik. Irabazleak Kuba kantua kantatu eta dantzatu zutenak izan ziren. Dantza eta kanta giroa baliaturik, giro ezin hobean segitu zuen bestak su inguruan kantuan, janean eta edanean, ondoko urte artio.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun