Energia berriztagarriak

«Energia berriztagarrien instalazioetan espezialistak gara»

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 5a

Gorka Cubero, Txaruta iturgintza.

Gorka CUBERO GALARREGI, Txaruta iturgintza.

Zer ikusi, hura ikasi dio esaera zaharrak eta Gorka Cubero Galarregiren kasuan hala izan zela erran liteke: «Aita iturgina zen eta haurra nintzelarik, orduak ematen nituen bere tuboekin saltsan».  Jolasean hartutako afizioa, ofizio bihurtzea erabaki zuen denborarekin: «Konturatu nintzen hori zela nire pasioa eta iturgina izan nahi nuela». Aita izan zuen irakasle: «Hamasei urterekin hasi nintzen eta dagoeneko, hogeita zortzi urte daramatzat honetan lanean». 

Denbora tarte horretan, lanbidea ikasi eta garai berrietara egokitu behar izan du:«asko aldatu da gure lanbidea. Badira beti eskaini behar dituzun iturgintza lan klasikoak, baina  berritzailea izan, merkatuan dauden beharrak eta eskariak zeintzuk diren ikusi eta pausoa eman beharra dago». Hala, iturgintza, berokuntza, gasa eta energia berriztagarriei lotutako lanak egiten dituzte.

Nabarmendu du aitzindarietako bat izan zela aerotermia instalazioetan: «Orain modan dago eta badirudi aerotermia gauza berria dela, baina duela hogei urte egin nuen nik lehenbiziko instalazioa Oiartzunen. Azken hogei urteetan auskalo zenbat egin izanen ditudan!».

Bide berriak

Bide berriei atea ireki eta energia berriztagarrien arloan egin dute beraien apustua: «aerotermia, biomasa eta  geotermia instalazioak egiten ditugu; energia berriztagarrien instalazioetan espezialistak gara». Aitortu du gozatu egiten duela gisa horretako lanetan: «puzzle bat osatzea bezala da, piezaz pieza lotzen joan behar duzu azken emaitza lortu arte».

Erabiltzen dituzten materialetan ere jarri nahi izan du azpimarra:«garai batean beruna, kobrea, burdina… erabiltzen zen eta dena soldatu behar izaten zen. Orain dena plastikoa edo geruza anitzetako materialekin egiten da eta kalitate handia izateaz gain,  lanean aritzeko orduan asko errazten du prozesua. Makina berezi batzuekin presioa eginez lotzen dira piezak». 

Obra berrietan aritzen da, baina baita egokitzapen lanetan ere: «baserri aunitzetan egin ditugu instalazioen zaharberritzeak». Kasu horietan, bezeroen beharrak eta dauden aukerak aztertzea ezinbertzekoa dela azaldu du: «gure inguruan egurrezko galdarek ere oso ongi funtzionatzen dute. Baserri eta etxebizitza aunitzetan jarri ditugu. Obra handirik egin gabe, kasu aunitzetan eskura duten egurrari irtenbidea eman eta berokuntza sistema eta ura berotzeko modua lortzen dituzte».

Zerbitzu gehigarriak

Txaruta enpresaren  zerbitzua ez da kalitatezko instalazio bat egitera mugatzen: «finantziazio aukerak eskaini eta dirulaguntzak eskaerak egiteko beharrezkoa tramiteak ere gure gain hartzen ditugu». Eskaintzen duten zerbitzu gehigarri bat dela dio eta bezeroek aunitz eskertzen dutela. Prozesua errazten da: «Bezeroek instalazio mota aukeratu eta Txarutako langileok arduratzen gara eskuratu daitezkeen dirulaguntzak kontsultatu eta beharrezko tramite guztiak egiteaz». Ez dela edonolako eskaintza uste du: «paper artean galduta ibiltzea ez da erraza sekula ere horretan aritu ez denarentzat. Guk badakigu zein ate diren jo behar direnak».

Bezeroei eskaintzen dieten tratu hurbila ere nabarmendu nahi izan du Cuberok: «hemen inguruan denek ezagutzen gaituzte, langileak ere Irurita eta Oizkoak dira». Ezagunak izatea eta behar denean erantzutea, bi horiek dira bere ustez, Txaruta enpresaren bereizgarri: «esperientzia handiko profesionalak gara, tratu hurbila eskaintzen dugu, telefonoa gainean izaten dugu eta saiatzen gara zerbitzua ahalik eta lasterren eskaintzen. Ez dago jai egunik bezero batek gure laguntza behar duela esanez deitzen digunean».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun