Estatuko mediku onenaren aitortza egin diote Juan Miguel Gil elizondoarrari

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 3a

Sari banaketan, Gonzalo Aldámiz Etxeberria ezker aldean eta Juan Miguel Gil Jaurena bere eskuinean.

El Confidencial komunikabideak, bertze urte batez, Estatuko Mediku Onenen Aitortza zein sari banaketa egin zituen irailaren 29an Madrilgo Sofia Erregina Museoan. Horrela, 2025eko mediku onenen artean, Kirurgia Kardikoaren Sailean, Juan Miguel Gil Jaurena elizondoarra saritu dute.

El Confidencial komunikabidea, bertze urte batez, herrialdeko mediku nabarmenenak identifikatzeko bidean murgildu da, ibilbide eredugarriak dituzten profesionalak omentzeko asmoz. Horrela, 34 espezialitate diferentetako 102 medikuri egin diete 2025eko mediku onenaren aitortza, Elizondon sortua den Juan Miguel Gil Jaurena tartean.

Gil Jaurena doktorea figura nabarmena da nazioarteko haurren bihotzeko kirurgian eta transplanteetan, batez ere. Gaur-gaurkoz, Haurren Bihotzeko Kirurgia Saileko burua da Madrilgo Gregorio Marañón Unibertsitate Ospitalean. Baztandarra, medikuntzan lizentziatu zen Nafarroako Unibertsitatean, eta familia medikuntzan espezializatu zen Gasteizko Txagorritxu Ospitalean. Ondotik, kirurgia kardiobaskularrean ere espezializatu zen Bartzelonan. 

500 interbentzio baino gehiago

Ospitale aunitzetan garatu du bere ibilbidea, horien artean, Bartzelonako Vall d 'Hebron Ospitalean eta Malagako Carlos Haya Eskualdeko Unibertsitate Ospitalean. 2012tik, ordea, Madrilgo Gregorio Marañón Unibertsitate Ospitaleko Haurren Bihotzeko Kirurgia Zerbitzuko buru da eta bere mediku taldeak 100 bihotz transplante baino gehiago burutu ditu gaur egun arte. Are, mugak gainditzea ere lortu du, bihotza asistolian zuen eta odol talde bateraezina zuen haurtxo bati transplante arrakastatsua egitea lortuz.

Horrez gain, Gilek bere mediku ibilbidea hasi zuenetik, haurrekin 500 interbentzio baino gehiago egin ditu eta gainera, arriskuak murriztea eta pazienteen errekuperazioan  hobekuntzak lortu ditu. Oraingoan, bere ibilbidea ezagutarazi eta omentzeko 2025eko Mediku Onenaren Saria aitortu diote El Confidencialek antolatutako sariketan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun