Izaro Etxaide Ballarena 18 urteko elizondoarra, «bizia biziki sentitzen duen neska gaztea» da. Eta bizia sentitzen duen bezala, hitzen bitartez sentitzen duenari bizia eta zentzua eman dio oraingoan, bere lehendabiziko poemarioarekin: Silencio roto entre sombras y estrellas. Baina, letrekin eta hitzekin sentimenduei bizia emateaz gain, sentimenduak pizten dizkion guzian murgiltzen dela esplikatu du: «Pianoa jotzen dut ttikitatik, marrazten ibiltzen naiz noizbehinka, hausnartzea ere gustuko dut eta psikologiako gradua egiten ari naiz, gainera, Donostian...»
Aunitz sentitzen duenari barneak betetzen zaizkio, eta espaziorik ezean barneak husteko beharra sentitzen duela adierazi du Etxaidek: «Ihesbide gisa eskribitzen dut, barneak husteko». Eta hori da zehazki argitaratu berri duen poema sortan egin duena, unean sentitzen zuena orrialde zurietan sartu, horiek ispilu bilakatu arte: «Poema horiek nire isla dira, ni neu naiz».
Iluntasunetik argira
Gutti goiti beheiti, 2023an hasi zen Etxaide poemak idazten eta ordutik 2025era bitarte idatzitakoak bildu ditu liburuan. Lana hiru zatitan bereizita dagoela azaldu du: «Hasmentako zatia ilun xamarra da, erdiko zatian iluntasuna eta argia bateratzen dira eta hondar zatian, berriz, izarrak presente daude, hau da, argia nagusitzen da». Beraz, Etxaidek iluntasunetik argira ailegatzeko bidean, berarekin ibiltzeko gomita egiten die irakurleei. Are, izenburua bidearekin bat datorrela aipatu du: «Izenburuak erreferentzia egiten dio ilunetik argira ibilitako bideari eta hortaz ageri dira itzal eta izar hitzak».
Horren harira, itzaletatik izarretara egindako bidearen bueltan mintzatu da Etxaide eta idazten duenean bere burua «hobeki entenditzea» lortzen duela aitortu du, prozesuaren inguruko hausnarketa eginez: «Idazten hasi nintzenean ilun ikusten nuen ingurua, kezka aunitz nituen, etorkizunean pentsatzeak beldurtzen ninduen eta Nor naiz? galdera erantzuteko hitzik ez nuen. Orokorrean nire adinarekin bat datozen kezkak direla erranen nuke, edozein gaztek edukitzen ahal dituenak. Gaueko isiltasunean, lapitza eta papera hartzen nituen eta sentitzen nuena proiektatzen nuen idatzien bidez. Hola, neure burua hobeki ezagutzea lortu nuen eta iluntasunean argia sartu zen guttinaka».
«Normala da nor garen eta nor izan nahi dugun ez jakitea»
Aipatutako autoezagutza prozesu horretan, Nor naiz? galderaren bidelagun Zein da nire lekua? galdera dela kontatu du Etxaidek: «Badirudi bizitzan beti finkatutako helmuga bat badugula eta norabait ailegatu beharra garela gure lekua izanen den hori aurkitzeko, baina, ohartu naiz, agian, orain gazteak garela, gure lekua helmugarako bidean dagoela eta hori onartzea ongi dagoela».
Barnetik kanpora: Etxetik liburu dendetara
18 urterekin, bakarrik, lehenbiziko liburua argitaratu du Etxaidek eta argitaratzea sorpresa «ikaragarria» izan dela onartu du: «Talon de Aquiles editoriala gazte poetak bilatzen ari zela enteratu nintzen eta poema batzuk bidali nituen, beraiek erantzuteko esperantza guttirekin. Bat-batean, poema gehiago bidaltzea eskatu zidaten, liburu bat osatzeko intentzioarekin». Hortaz, poemak pretentsiorik gabe idatzi zituenez, liburuan sartu nahi zituenak bildu eta hautatzea «nahiko zaila» izan zela gaineratu du.
Bertzalde, orain, behin liburua jendearen eskuetara ailegatu dela eta «harrera ezin hobea» izan duela ikusita, «arras eskertuta» dagoela argi utzi du, nahiz eta aitzinetik zalantzak bazituela aitortu duen: «Idatzi ditudanak ez ditut inoiz erran. Eta orain bat-batean denek leitu ahal izateak ezinegona sortu dit, denen agerian gelditu naizela sentitzen dudalako». Hala eta guztiz ere, beldurrak alde batera utzi eta orain «arras kontent» dagoela aipatu du altxatu ezin izan duen irribarrearekin. Momentuz, liburua berari eskatuta lortu daitekeela jakinarazi du, baina, aitzinago liburu dendetan egonen dela erran du.
Izarretatik etorkizunera begira
Etorkizunera begira, poemak eta bertzelakoak idazten segituko duela ziurtatu du eta pausoz pauso bere bidea eraikitzen eta ibiltzen segituko duela argi utzi du, ilusioaren distirarekin begietan.