Bestak 2025

«Kanpotik ezagutu eta orain, berriz, herritar gisa bizitzen ditut bestak»

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 27a

Iñaki Zelaieta aniztarra. Argazkia Utzitakoa.

Anizko bestak ospatuko dituzte urriaren 3tik 5erat eta horren bueltan, Iñaki Zelaieta, «Beran sortua den aniztarra» kontu kontari ibili da besten antolaketaz eta Anizko herria espezial egiten duten bitxikeriez

Iñaki Zelaietak, horrela esplikatu du Aniz eta Beraren arteko lotura: «Sortzez Beratarra naiz, baina, aspaldiko urtetan Anizen bizi naiz». Gainera, bere burua definitzeko «euskalduna», «kirolaria» eta «herriarekin konprometitua» hitzak erabili ditu, aniztarra, izan badela oraindik argiago utziz. Are, herriarekin konprometitua den heinean, duela gutti arte herriko alkate izan dela aipatzekoa da. Bertzalde, kirolei dagokionez, orokorrean kirol guziak gustuko dituela adierazi du, baina, aukeratzekotan, txirrindularitza eta lagunekin mendian ibiltzea aukeratuko lituzkeela ziurtatu du aniztarrak.

Aniztarra izatea zer den

Anizko herria berezia da Zelaietarendako eta aniztarren herritar izaera espezial hori heurek eraikitzen duten «elkartasunetik» datorrela esplikatu du: «Anizen, haur, gazte zein helduen artean dagoen harreman sanoak egiten du herria berezi. Eta herrian egiten ditugun auzolanek eta batzarrek herritarrak batzen gaituzte». Are, beraiena «herri bizia» dela baieztatu du: «Herritarrak elkartu ohi gara eta urte osoan ekintza aunitz antolatzen ditugu, horrek gure herritar izaera indartzen du».

Oraingoan, bestak antolatzeko elkartu dira aniztarrak eta bilkuraz bilkura eta auzolanez auzolan bertze urte batez ere aitzinerat atera dituztela kontatu du Zelaietak: «Bestak antolatzeko deialdia herritar guziei zabaltzen zaie, eta denen artean antolatzen ditugu. Uda hasieran lehenbiziko batzarra egiten dugu, eta hemen gauzak lotzen hasten gara, nahiz eta batzuk aitzineko urtetik lotuak utzi, musika kontuak , errate baterako. Irailean lan banketa egiten dugu eta besten aitzineko astean auzolanekin hasten gara». 

Bertzalde, bestak «ilusio handiz» hartzen dituela kontatu du eta horiek antolatzeak lana eskaintzen duen arren, ongi ateratzen direnean aurpegietan poza ikustea polita dela gehitu du. Gaur egun, berari ere gauzak ongi ateratzean aurpegian irribarrea marrazten zaio, aniztarra baita dagoeneko: «Duela 25 bat urte ezagutu nituen Anizko bestak. Gazte kanpotar bat bezala ezagutu nituen bestak, orain berriz, herritar moduan gozatzen ditut».

Bestetan leku kuttunena

Anizko bestak gogora ekartzean, frontoiaren irudia burura datorkiola azaldu du: «Gehiena, ez bada dena, frontoian egiten dugu bestetan. Ortziraletik hasi eta igandera arte hori izaten dugu bilkura leku herritar guziek». Hiru egun horiek «egun politak» izaten direla baieztatu du eta adin diferentetakoak elkartzeak xarma berezia ematen diela errepikatu du Zelaietak: «Bereziki gustuko dudana, igandean, zikiro jatearen ondotik sortzen den giroa da. Egun honetan herritarrak garenon artean; haur, gazte zein helduen artean, giro ikargarri ona sortzen da eta denok parte hartzen dugu ekintzetan». Azkenik, Anizko nortasuna eta giro ona sekula ez galtzea gustatuko litzaiokela azpimarratu du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun