Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Aroztegiko auzian epai justu bakarra absoluzioa dela uste du Baztango Udalak ere

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 26a

Baztango Udalak babesa eta elkartasuna helaraz die Aroztegiko aferean auzipetuei eta proiektua behin betiko bertan behera uztea ere eskatu du.

Ortzegunean egindako batzarrean onartu zen Aroztegiko UGEP proiektua behin betiko bertan behera uztea ere eskatzen duen mozioa, EH Bildu eta Zurekin Baztan taldeetako aldeko 8 botoekin, UPN eta Geroa Baiko kontrako bi botoekin eta Baztango Independenteen abstentzioarekin.

Baztango Udalak ortzegunean egindako batzarrean Aroztegiko sententziaren inguruko mozioa onartu zen, EH Bildu eta Zurekin Baztan taldeetako aldeko 8 botoekin, UPN eta Geroa Baiko kontrako bi botoekin eta Baztango Independenteen abstentzioarekin. Aroztegiko auzipetuei «babesa eta elkartasuna» helarazi die udalak, «epai honetan pairatu dituzten zigor neurrigabeei aitzin egiten ari diren honetan». Baztango Udalak salatu du « auzipetuen kriminalizazioa eta zigorrak ez direla bidezkoak, eta epai justu bakarra absoluzioa dela» eta Nafarroako Gobernuari exijitu dio «Aroztegiko UGEP proiektua behin betiko bertan behera uztea, ingurumenari eta herri honi kalte egiten dion makroproiektua delako».

Joan den astean Nafarroako Auzitegiak Aroztegiko proiektuaren aurkako mobilizazioetan parte hartu zuten zazpi baztandarren kontrako auziko epaia eman zuen. Epaiak baztertu egin du akusazio larriena, hau da, auzipetuak talde kriminal baten parte izatea. Gibelera bota du ere Palacio de Arozteguia SM enpresak jarritako bizi osorako zigor ekonomikoa, 43 milioi euroko erreklamazioa bertan behera utziz. Dena den, Baztango Udalak dioenez, «epaiak zigorrak ezartzen dizkie auzipetuei (isunak eta kalte-ordainak), herritarren kriminalizazio argi batean kokatzen direnak».

Baztango Udalak onartutako mozioaren arabera, «prozesu judizial honek argi utzi du, bertze behin ere, Aroztegiko makroproiektu espekulatzailea herritarren borondatearen aurka inposatu nahi dela».

Baztango Udalak adierazi duenez, «argi gelditu da ere herritarren mobilizazio eta elkartasunak funtsezko papera jokatu duela epai honen emaitzan eta gehiegikeriaren aitzinean, gure herriaren eta ingurumenaren defentsan, desobedientzia zibila zilegi dela erresistentzia demokratikoaren adierazpen gisa».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun