Irailaren 27an aziendek 09:00 baino lehen Merkatuko Plazan egon beharko dute eta bezperan, 15:00etatik aitzinera ere sartzeko aukera izanen da. Hori eginda, hilaren 27an, 09:00etatik 14:00etara txanda kalifikatzaileak eginen dituzte. Horrez gain, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara Baztango artisauen eta nekazaritzako elikagaien postuak paratuko dituzte eta 17:30etik 20:00etara behien erakustaldia eginen dute.
Irailaren 28an, berriz, 09:00etatik 12:00etara behi aziendak ikusteko aukera izanen da eta 10:00etatik 14:00etara artisauen eta nekazaritzako elikagaien azoka irekiko dute. 11:30ean Nafarroako aratxearen haragia dastatzeko aukera izanen da eta 12:30ean behien enkanteari emanen diote hasiera. 13:00etan sari banaketa eginez borobilduko dute hitzordua.