Martxel Larraza eta Joseba Olagarai kazetariek Xerka proiektua sortu dute, hitzen eta fotokazetaritzaren bitartez Elizondo bezalako Euskal Herriko herrietan ematen den sexilioa tratatzeko. Hau da, «sexu orientazioa edo genero identitateagatik jasandako zapalkuntzarengatik euren familia eta gizarte ingurunetik hiriguneetara ihes egiten duten LGTBIQ+ pertsonen migrazio behartua» tratatzeko.
Jardunaldia bi zatik osatuko dute: Hitzaldiak eta argazki erakusketak. Hitzaldian, zenbait lurralde, jatorri eta adinetako bortz pertsona disidenteren nortasunak eta bizi esperientziak solastatuko dira. Horien artean, Xarre Bidegain lekaroztarrarenak. Baina, itzalen artean argi izpiak agertuko dira, euskal landa eremuan queer izanda herrian bizitzea posible dela transmitituz.
Argazki erakusketa, Larrazak 2003an sortua, GRALen III. BERRIA sariketan saritua da eta paisaia eta errretratuaren genero klasikoak uztartzen ditu. Horrela Larrazak, teknika eta estilo fotografikoaz baliatuz, subjektuaren eta haren ingurunearen arteko dialektika poetikoa proposatzen du argazkien bitartez. Bere hitzetan, «gatazkatsua bezain harmoniatsua» izan daiteke subjetuaren eta ingurunearen arteko harreman hori.