Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Aroztegiko Elkartasun Komitea: «Absoluzioa da epai justu bakarra»

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 23a

Pasa den ortziralean jakinarazi zuen Nafarroako Auzitegiak Aroztegiko zazpi auzipetuen kontrako epaia. Atzo, Aroztegiko Elkartasun Komiteak agerraldi jendetsua egin zuen epaiaren balorazioa egiteko. 

Albistearen barrenean ikusi daiteke agerraldi osoaren bideoa. 

Dozenaka herritar inguruan zituztela egin zuen atzo Aroztegiko Elkartasun Komiteak pasa den ortziraleko sententziaren balorazioa.  Epaiak «argi-ilun» aunitz dituela nabarmendu zuten. Oraindik ere epaia ez dela irmoa oroitaraztearekin batera, jakinarazi zuten hiru aldeek errekurtsoak aurkezteko aukera dutela, eta beraz,  atzo egindako balorazioa instantziako epaiari buruzkoa bakarrik zela.  

Alde batetik garaipentzat jo zuten Palacio de Arozteguia eta Fiskaltzak eskatutako talde kriminalaren akusazioa epaileak bazter batera utzi izana: «Zazpi herritar kartzela zigorraren mamuaz libratzeaz gain, Euskal Herriko antolakuntza demokratikoaren eta desobedientzia zibilaren kriminalizazioa saihestu dugu, baita etorkizuneko borroketan aurrekari arriskutsu honek ekarriko lituzkeen zigortze neurri larriak ere. Beraz, badugu zer ospatu».  Bide beretik, «borrokatzeak eta protestak balio dutela berretsi» zuten. 

 

 

Nabarmendu zuten epaiak «alde batera utzi duela Palacio de Arozteguia S.Mk gure gain ezarri nahi zuen bizi osorako zigor ekonomikoa». Gainera, azpimarratu zuten Aroztegiko obra «ez dagoela geldi, obra momentu puntual batean gelditzea bakarrik lortu dela» eta epaiak hori berresten duela: «Enpresari 43 milioi euroak lortzeko bidea itxi diogu»

«Epai justu bakarra absoluzioa»

Epaiketaren epai justu bakarra «absoluzioa» da komitearen hitzetan.  Prozesu dena «barrabaskeria galanta» izaten ari da: «Denen lurra defendatzeagatik bortxa eta derrigortze delituengatik kondenatzea, mila euroko kalte ordaina eta 62.000 euroko isuna pagatzera kondenatzea ez da bidezkoa ezta onargarria ere». 

Prozesu denak auzipetuengan sortutako karga ere oroitarazi zuten atzoko agerraldian: «Lau urte daramatzagu gure bizitzak kolokan, gure gorputzetan bide judizialaren bortizkeria sufritzen. Ez da bidezkoa makro proiektu espekulatzaileak inposatzen dituztenek, ehunka urteko zuhaitzak botatzen dituztenen, ehunka urteko zuhaitzak botatzen dituztenek, errekak eta bazterrak hondatzen dituztenek, inolako ondoriorik jaso ez eta guk, momentu batez sarraskia geldiarazi izanagatik zigorrak pairatu behar izatea. Argi erran nahi dugu: desobedientzia zibila ez da delitua». 

Elkartasunerako deia

Epaia «herri oso baten borroka baten testuinguruan» ulertu behar da komitearen hitzetan: «Aroztegiko borroka ez da soilik tokiko auzia, gure etorkizuna eta gure herriaren erabakitze eskubidea jokoan dago». Gainera, «lortutakoa ez dela kasualitatea» nabarmendu zuten eta «mobilizazio maila ikaragarria» izan dela. Elkartasunerako deia ere luzatu zuten, eta aurreratu heldu den asteetan elkartasun kanpaina bat eginen dutela ekarpen ekonomikoak biltzeko: «Orain arte egin dugun bezala, errepresio ekonomikoari modu kolektiboan erantzunen diogu». 

Aldi berean, Aroztegiko UGEParen proiektua oraindik martxan dagoela oroitarazi zuten eta erantzuleei eskatu zieten «bertan behera uzteko». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun