Zapatillera, Elbeteko fabrika zena, gaur egun, Baztango musikari eta musikazaleen txokoa bihurtu da dagoeneko. 2021ean aktibatu zen Zapatillera musika entsegu leku gisa, Baztango Musikazale Elkarteak Baztango Udalarekin adostutako hitzarmenagatik. Horrela, Baztango Musikazale Elkarteak Zapatillera, lehenagoko fabrika zaharra, alokatu eta egokitu zuen, udaletik hartutako dirulaguntzak medio.
Duela bi urte, ordea, udalak elkartearekin mantentzen zuen harremana hautsi zuen, kexa batzuk tarteko. Hortaz, Baztango Musikazale Elkartekoek ZAPATILLERA LAGUN kanpaina abiarazi zuten finantzatu eta funtzionatzen segitzeko. Beraien helburua, musikari eta musikazaleendako txoko bat edukitzeaz gain, «musikazaletasuna sustatzea eta zuzeneko musika indartzea» izanik.
Urtaro bat kontzertu bat
«Musika estilo diferenteez eta leku anitzetako bakarlari eta musika taldeez gozatzeko» asmoz, urtaro bakoitzeko guttienez kontzertu bat antolatzeko dinamikari ekin diote elkartekoek aurten ere. Are, Zapatillerara zein Baztango bertze lekuetara ekarriko dituzte kontzertuak. Horren harira, datorren irailaren 27an, 19:00etan, Berako Joseba Irazokiren eta Tarragonako Paul Perrimen gitarrek soinu garaikideekin beteko dute Zapatillera.
Zapatillerako lagun izatea
30 euro orainduz gero, ZAPATILLERA LAGUN izateko aukera eskaintzen dute eta hola, heuren proiektua babestu eta laguntzeagatik kontzertuetarako doako sarrera eskuratu daiteke.
Kide bilakatzeko, irailaren 27an eginen diren kontzertuetan bertan edota Zapatillerako kideekin kontaktatuta edo email honetara idatzita egin daiteke: elbetezapatillera@gmail.com .