Osasun zerbitzu publikoaren egoera salatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo Elizondoko Osasun Etxean

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 18a

'Osasun sistema publiko eta duina' lelopean, irailaren 17an egindako elkarretaratzea Elizondoko Osasun Etxe aitzinean.

Momentuko osasun sistema publikoaren egoera «larria» salatzeko eta «osasun sistema publiko eta duina» eskatzeko Baztango Osasun Plataforma sortu zuten duela urtebete. Horren harira, urte osoan egin diren eskakizunak bete ez direla eta, «kalitatezko osasun sistema publikoa» exijitzeko elkarretaratzeak martxan paratu dituzte, berriz ere, Plataformatik. Atzo egin zuten lehendabizikoa Elizondoko Osasun Etxe aitzineko aldean eta 140 lagun bildu ziren.

Duela urtebete sortu zuten Baztango Osasun Plataforma, eta 2024ko irailaren 13an, manifestazio jendetsua egin zuten Elizondoko karriketan barna osasun sistema publiko duina exijitzeko. Hori bide luze baten hasiera bertzerik izan ez zen, urte osoan zehar elkarretaratzeak eta bertzelakoak egin baitzituzten beraien eskaerak entzunak izan zitezen.

Urtebete beranduago, atzoko egunean, bertze behin, Elizondoko Osasun Etxe aitzinean elkartzeko beharra izan zuten herritarrek. Eta Baztango Osasun Plataformatik argi utzi zuten urtebete beranduago: «Tarteka zerbait hobetuko zela iruditu bazitzaigun ere, ordutik egoera ez da aunitz aldatu». Hortaz, hilabeteko lehenbiziko asteazkenetan, 19:00etan, elkarretaratzeak egiten segitzea aurreikusten dute.

Mediku bakarra Elizondoko Osasun Etxean

Problematikaren fokua Elizondon jarri zuten, eta egoera larriena hor dagoela esplikatu zuten: «Baztango herri gehienetako mediku kontsultategietako plantillak osatuak dauden bitartean, mediku eta erizain finkoekin, Elizondokoan langileen finkotasunak ez du aurrerapausu handirik egin». Elizondoko Osasun Etxean oraintxe bertan, mediku finko bakarra baitago eta bi mediku plaza eta pediatra plaza erdia hutsik baitaude. 

Horrez gain, COVID garaian sortu zen mediku beharragatik, familia mediku gisa jarduteko, hortan espezializatuta egoteko nahitaezkoa kendu zuten eta egoerak horrela jarraitzea kaltegarria dela oroitarazi zuten: «Elizondon familia mediku lanetan ari direnek ez daukate espezialitate hori. Eta traumatologia, ginekologia,... espezialitateak beharrezkoak diren bezala, lehen arretako espezialitatea ere garrantzitsua da».

Komunikazioa

Bertzalde, «hirugarren hutsune nabarmen» bat azpimarratu nahi izan zuten atzo: «Hizkuntza eskubideak urratzen dituzte, euskara ez delako eskakizun bat. Herritarrok ezin dugu geure berezko hizkuntzan gure egoera azaldu, ezta informazioa modu garden eta zuzenean bueltan hartu».

Nafarroako Gobernuaren gainean begirada

Baztango egoera «kezkagarria» dela baieztatu zuten, baina, kanpora begiratuz gero, egoera aunitzez hobea ere ez dela ziurtatu zuten Plataformako kideek: «Osasunbideko argazki orokorra oraindik negargarriagoa da». Itxaron zerrendak ikaragarriak baitira eta zenbait kasutan txandarik ere ematen ez baitute. «Honen aitzinean, aunitzek zerbitzu pribatuetara jotzen dute, batzuetan osasun langileek berek proposatuta», aipatu zuten Plataformatik.

Are, «osasun zerbitzuek negoziorako balio dezaten politika oso bat sortzeko» bidea aukeratu izana leporatu zioten Nafarroako Gobernuari: «Osasun Legea berritzeko proposamena geldirik gelditu da izandako desadostasunen aitzinean, eta badirudi, herritar eta langileek egindako eskakizunak aintzat hartu eta zerbitzu publiko duin bat bermatuko lukeen legea aitzinerat eraman beharrean, legegintzaldia pasatzen utzi eta egoerak bere horretan okertzen jarraitzearen aldeko autua egin duela Nafarroako Gobernuak».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun