Elizondoko bestetako larunbatean, urteroko tradizioari jarraiki, esku pilota partida profesionalak jokatu ziren herriko pilotalekuan. Baina, urteroko arratsalde tradizionalak omenaldirako bidea hartu zuen, pilotalekuari izena aldatu baitzioten eta Baztan pilotalekua izatetik Juanjo Atxa Mindegia pilotalekua izatera pasatu baita. Horrela, urte luzez, esku pilota Baztan inguruan errotu eta bizirik mantendu duen almandoztarra eta bidelagun izan duen emaztea, Itziar Aranburu, eskertu zituen herriak.
Horren harira, «arras hunkituta» dagoen Juanjo Atxa omenduarekin mintzatu da Ttipi-Ttapa eta gaur egun arte pilota munduan bizitakoak «emozio handiz» oroitu ditu irri eta malko artean.
Ttikitatik izan zara pilotazale, Juanjo?
Bai, betidanik. Almandozkoa naiz eta herri ttikia denez, frontoia bertzerik ez genuen herrian. Beraz, haurrak ginelarik hori izan ohi zen gure bilkura lekua eta hor pasatzen genituen orduak esku pilotan jostetan. Ondotik, adin gehiagorekin afizionatu mailan jokatzen aritu nintzen eta txapelketa batzuetan parte hartzen nuen, herri artekoan eta gehiagotan. Urtean bi edo hiru txapelketetan parte hartzen genuen, ez baitziren gaur egun bezainbertze antolatzen, baina aukera banuen guzietan hor egoten nintzen. Eskuetatik aunitz sufritzen nuela oroitzen naiz, hala ere, garai hartan, jokatzen segitzeko ilusioak eta nahiak minari eta sufrimenduari gailentzen zitzaizkion.
«Ttiki-ttikitatik izan naiz esku pilotaren afizionatu»
Jokatzeari utzi zenionean ere pilotalekuan segitu zenuen...
Orain dela 48 urte Baztan Ikastolan irakasle gisa lanean hasi nintzen eta ordutik, guttinaka-guttinaka pilota munduan eta pilotalekuan gehiago murgiltzen hasi nintzen. Urte haietan Baztanen esku pilota mugitzen zuenak, esku pilota aunitz gustatzen zitzaidala jakin zuen eta, hortaz, polliki-polliki ardurak nire eskuetan uzten hasi zen. Ondotik, Txaruta Pilota Elkartearen garaia ailegatu zen.
Noiz sortu zenuten Txaruta Pilota Elkartea?
Duela 35 urte inguru sortu genuen, Martin Begino Malerrekako pilota eskolakoa zenarekin batera. Ordura arte, Baztangoek Malerrekako pilota eskolakoekin harreman estua mantentzen genuen; txapelketak elkarrekin antolatzen genituen... Hortaz, azkenean, elkartzea erabaki genuen. Orduan, elkarteko izen berria behar genuen eta Txaruta mendia Malerreka eta Baztan arteko mugan dagoenez, izen aproposa iduritu zitzaigun bi pilota eskolak elkarte bakarrean bateratzeko.
Txaruta Pilota Elkartea presentzia sendotzen joan da urtez urte. Nolakoa izan da elkartearen bilakaera?
Hasmentan, txapelketak hemen eta hemengoekin bakarrik jokatzen genituen, baina, polliki-polliki hedatzen joan ginen eta Nafarroako eta Euskal Herriko txapelketetan parte hartzen hasi ginen, eta kanpokoak ere gurera jokatzera etortzen hasi ziren. Hala ere, 2000. urte inguruan, berriz ere hemen eta hemengoekin gelditu behar izan ginen. Malerreka eta Baztan elkartzean, inoiz baino pilotari gehiago izatera iritsi baikinen urte haietan, 240 pilotari inguru izatera. Hortaz, garai hartan antolatzen genituen bi txapelketak; Baztangoa eta Josetxo Ezkurraren Memoriala, gure elkarteko pilotariekin bakarrik jokatzea erabaki genuen. Kanpotik ikusita momentu onak izan ziren horiek, pilota gure eskualdean indarrean zegoelako. Baina momentu onak momentu txarrak ere izan daitezkeela ikasi genuen. Hainbertze pilotari izateak eta, gainera, pilotari arras onak izateak kontent jartzen gintuen partez, baina, gure une txarrak ere pasatu izan genituen, pilotari horiek guziekin txapelketak antolatu eta kudeatzea zaila bilakatu zelako. Intentsuak izan ziren urte horiek. Gaur egun, berriz, 70 pilotari inguru baditugu eta lasaiago ibiltzen gara. Gainera, aipatzekoa da gurasoen partetik laguntza handia biltzen dugula azken aldian eta arras ongi moldatzen garela.
Pilotak aunitz eman dizu...
Bai, eta niri eman didan guzia gaztetxoei transmititzen saiatu naiz. Gaztetxoei pilotaren afizioa barneratzen ahalegindu naiz elkarteko bertze kideekin batera, eta neurri batean lortu dugula erranen nuke. Hala ere, futbola etsai handia izan dugu, futbola pilotaren eta bertze kirol guzien minbizia baita gaur egun.
«Emaztea ezinbertzeko bidelagun izan dut bide osoan»
Nola izan da ikastola eta pilotalekua kudeatzea?
Egia erran, ez dakit nola egin dudan. Pilotalekuan eta ikastolan ordu aunitz pasatu ditudalako. Gainera, ikastolan egunez klaseak emateaz gain, gau eskolako irakaslea ere banintzen. Segurutzat jotzen ahal dudan bakarra da, emazteagatik izan ez bazen ez nuela ibilitako bidea horrela ibiltzerik lortu izanen. Bidelagun izan dut beti eta berari esker eskaini ahal izan dizkiot hainbertze ordu pilotari eta baita ikastolari. Beraz, eskertuta sentitzea bertzerik ez zait gelditzen.
Elizondoko bestetan pilotalekura sartu eta bat-batean goitian zure izena ikusi zenuen...
Bai, eta sorpresa handia izan zen, ez nuelako inondik inora ere espero pilotalekuan sartu eta paretan nire izena ikustea. Merezimendua ez dakit baina ohore handia bai izan dela. Faltan bota nituen duela ez aunitz utzi diguten Martin Begino, Txaruta Pilota Elkarteko sortzaile zena eta Nekane Atxa nire arreba zena. Hortaz, beraiei eskaini nahi diet omenaldi hau.
Etorkizunera begira zer nahiko zenuke?
Esku pilotak Baztan eta inguruan bizirautea espero dut. Nire eskutik ez bada ere, orain arte 48 urtez biziraun duen bezala bertze hainbertze urtez bizirik segitzea gustatuko litzaidake.
Zerbait gehitzeko?
Urte hauek guzietan, aunitz izan dira proiektu honetan ordu aunitz sartu dituztenak eta lagundu digutenak. Beraz, eskerrak eman nahi dizkiet bidean lagundu diguten guziei, egon ziren horiei eta baita gaur egun daudenei ere.