Larunbatean eginen dute Oronoz-Mugairin Urdazubiko, Zugarramurdiko eta Baztango eskola ttikien besta

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 18a

Aurten Oronoz-Mugairin eginen dute besta. Argazkia 2023an Almandozen ateratakoa da.

Urdazubiko, Zugarramurdiko eta Baztango eskola ttikien topagune izanen da Oronoz-Mugairi irailaren 20an, larunbatean. Kan-kan Guraso elkarteak antolatu du egun osorako besta.

10:00etan harrera eginen diete gainerako herrietako haurrei eta gurasoei eskolako sarreran herriko erraldoiekin. Ondotik, herrian barna itzulia izanen dute. Parte hartzaileek bi ibilbide izanen dituzte aukeran: 2,8 kilometro dituen ibilbide motza herrian barna eta 6,8 kilometroko ibilbide luzea baserrietan barna. Ondotik, 12:00etan elkartuko dira frontoian eta hamaiketakoa jan bidenabar, ipuin kontalaria ikusi eta aurpegiak margotzeko aukera ere izanen da. 

14:00etan bazkari autogestionatua eginen dute, eta horretarako bakoitzak bazkaria eta bazkaltzeko tresna denak eraman beharko dituela oroitarazi dute antolatzaileek. 

Bazkalondoan, eguna borobiltzeko, 15:30ean hasita hiru orduz puzgarriak, jolas parkea, zaldian ibiltzeko aukera, musika, sutopilak eta hainbat sari zozketatuko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun