Mobilizatzeko beharra azpimarratuz hasi dute ikasturtea Baztan-Bidasoko pentsiodunek

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 16a

Atzo eguerdian Baztan-Bidasoko pentsiodunak Elizondoko plazan bildu ziren.

Ikasturte honetako lehenbiziko elkarretaratzea atzo egin zuten Baztan-Bidasoko Pentsiodunen Mugimenduko kideek Elizondon. «Mobilizatzeko beharrak bere horretan» segitzen duela aipatu zuten.

Elkarretaratzearen hasieran, Guttieneko pentsioa = Guttieneko soldata aldarrikapena hartu zuten hizpide atzo pentsiodunek. Eusko Jaurlaritzak eskaera horri «ezezko borobila» eman diola salatu zuten, «145.142 pertsonek sinatutakoari kontra eginez». Kolpe «latza» izan dela aipatu zuten, eta aldi berean, horrek Eusko Jaurlaritzaren «jarrera antidemokratikoa» erakusten duela. Horren harira, buruilaren 20an Bilbon, Donostian eta Gasteizen manifestazioak egitekoak direla oroitarazi zuten; hilaren 22an EAJ eta PSEren egoitzen aitzinean elkarretaratzeak eta 25ean Gasteizen, Legebiltzarraren aitzinean.

Nafarroan ere aldarrikapen hori dute: «Hemen ez da landu herri ekimen legegilerik, baina guttieneko pentsioa guttieneko soldatarekin parekatzeko aldarria zuzenean interpelatu» nahi izan zioten alderdi politikoei eta Nafarroako Parlamentuari.

Baztango Osasun Plataformarekin bat

Gainerakoan, Baztango Osasun Plataformaren urteurrenaz aritu ziren atzo pentsiodunak: «Plataformak urtebete egin du mobilizazioekin, baina arazoak konpontzetik urrun gaude». Aldarrikapen pankartak biltzen duena ekarri nahi izan zuten gogora: Osasun Sistema Publiko Duinaren alde. «Ba oraindik ez da murriztu pribatura desbideratzen den dirua, eta denbora berean arreta publikoak ahul segitzen du». Pentsiodunen irudiko, «ezinbertzekoa da sistema publikoa indartzea, horrek bermatuko lukeelako arreta duina. Bertzela, begiratu zer pasatu den anbulantzien zerbitzuarekin; publiko bihurtutakoan lan baldintzak eta zerbitzuak hobetu dira. Eta gaiarekin lotuta, bihar, Elizondoko osasun etxean egitekoa duten elkarretaratzean parte hartzeko deia egin zuten. 19:30ean izanen da.

Palestinari elkartasuna

Hitzordua Israelen genozidioa salatuz eta Palestinari elkartasuna adieraziz borobildu zuten. Nazioarteko arduradunek «gelditzeko ez dutela deus eraginkorrik egin» kritikatu zuten. Eta kontrara, Ibaitik itsasora elkartasun martxa txalotu zuten, parte hartzeko deia eginez.

Hurrengo hitzordua

Urriko elkarretaratzea, beti bezala, hilabeteko hirugarren astelehenean eginen dute: urriaren 20an, 12:00etan, Beran.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun