Klima aldaketa presente dagoela eta «larria» dela ohartarazi du Xan Lopezek Elizondon

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 16a

Xan Lopez hitzaldia zuzentzen Arizkuneneko sabaian. Argazkia: Utzitakoa.

Larunbatean, klima aldaketari buruzko hitzaldia eman zuen Elizondon Xan Lopezek El fin de la paciencia bere liburu propioa ardatz gisa hartuta. Jardunaldia Baztango Talde Ekosozialak eta Akelarre Kulturguneak antolatu zuten eta Lopez entzun ondotik argi diote: «Klima aldaketaren larriena gelditzeko 20-30 urte bertzerik ez dugu» 

Xan Lopez idazle madrildarrak El fin de la paciencia liburua argitaratu zuen aurtengo maiatzean, egonkortasun klimatiko eta sozial aldi luze baten gainbeherak sortzen duen ezinegonak bultzatuta. Horrela, Baztango Talde Ekosozialak eta Akelarrek Kulturguneak gonbidaturik, larunbatean, Arizkuneneko sabaian, liburua aurkeztu eta solasaldia eman zuen madrildarrak «klima aldaketa hau gizateriaren historiako krisirik larriena» dela ziurtatuz. 

Kapitalismo fosilak atmosferarat isuritako CO2aren ondorioak gero eta agerikoagoak dira: Bero boladak, uzten galera, uholdeak, migrazioak… Eta hori guzia, gainera, maizago gertatzen ari da. Are, gaur egungo sistemak eta gizarteak CO2 isurien handitzearekin lotura zuzena dutela azpimarratu zuen Lopezek: «Isurien handitzea, gainera, azkeneko hamarraldietan gertatu da, II. Mundu Gerraren ondoko ongizate estatuen hedapenarekin eta neoliberalismo aldiak Txina, India eta Hegoamerika hazkunde prozesu globaletan sartzearekin».

«Historiako krisirik larriena, indar aurrerakoien unerik ahulenean gertatzen ari da, eta orain egiten ez dena gero alferrik izanen da»

Bertzalde, idazlearen erranetan, klimaren berotzea egonkortzeko 15 urte edota luze jota 30 urte bertzerik ez ditugu eta kezkagarria dela nabarmentzerik badago; «historiako krisirik larriena, indar aurrerakoien unerik ahulenean gertatzen ari delako eta orain egiten ez dena gero alferrik izanen delako».

Egoeraren aitzinean, berehalako eskuhartzea lehenesten duela aipatu zuen madrildarrak eta baita frentepopulismo klimatikoaren alde egiten duela ere, gaia baztertu ez dadin. Horrez gain, energia berriztagarriak eta energia eskaeraren elektrikazioa ere hitzaldiko mahainguru izan zituzten, Lopez horien alde agertuz. Elektrikazioak bere horretan, energia
aurrezpena dakarrelako, erregai fosilak erretzerakoan herena bero gisa galtzen baita. Eta energia berriztagarriek burujabetza maila handitzen baitute, petrolio putzuen herrialdeei buruzko menpekotasuna ahultzean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun