Baztango Udaleko Oinarrizko Gizarte eta Berdintasun Zerbitzuak antolatutako Amartean jarduera zikloa, amatasunean murgildu eta ikuspegi feministatik hausnarketa egiteko zikloa, udaberrian abiatu zuten eta oraingoan, uda ondotik, berriz ere martxan jarriko dute Estitxu Fernandez lesakarrak eskainiko duen indarkeria obstetrikoari buruzko hitzaldiarekin.
«Indarkeria obstetrikoa erakundeek haurdunaldian, erditzean eta erditu ondoren pairatzen
duten indarkeria mota bat da, aunitzetan eta gehienetan naturalizatua eta ikusezina». Hori oinarritzat hartuta, solasaldian eskubideak urratzen dituzten, gorputzak isilarazten dituzten eta informaturik gabeko esperientziak medikalizatzen dituzten ohiko jardunbideak izanen dituzte aztergai. Indarkeria mota honen inguruan informatzea «funtsezkoa» dela azpimarratu baitute. Hola, indarkeria prebenitzeko eta sexu zein ugalketa osasuneko prozesu guzietan tratu duina exijitzeko.
Are, gaur egun ama diren edota etorkizuneko ama izanen diren hoiez gain, herritar guziei luzatu diete gonbidepena: «Ez dira soilik amak edo etorkizuneko amak, giza eskubideak dira».