COP30 bizikleta ibilaldiarekin bat egiteko deialdia egin du Baztango Talde Ekosozialak

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 5a

COP 30 bizikleta ibilaldia

Bidasoko eremuetan barrena igaroko den COP 30 bizikleta martxak, bortz kontinenteak gurutzatuko ditu klima aldaketaren aitzinean jardutea eskatzeko.

Azaroaren 10etik 21erat klima aldaketari buruzko nazioarteko biltzarraren hogeita hamargarren edizioa eginen da Belemen, Brasilen. Horren harira, bortz kontinentetatik pasatuko den COP 30 bizikleta ibilaldia antolatu dute. Bide batez, bizikleta klima aldaketaren konponbideen erdigunean jartzeko asmoz.

Asia, Europa, Afrika eta Hego Amerika gurutzatuko dituen bizikleta ibilaldiak bizikletaren ahalmen eraldatzailea erakustea du helburu, garraioaren CO 2 isuriak guttitzeari dagokion ahalmena erakustea, zehazki. Gainera, ibilaldian barna konpromiso gutunak zabalduko dira bizikleta azpiegiturak hobetzeko, bideko segurtasuna hobetzeko eta mugikortasun iraukorraren aldeko politika publikoak bulkatzeko. Ekimenaren bidez, «hiri garbiago, seguruago eta inklusiboagoak eraikitzera lagunduz».

Azerbayanetik abiatu ondotik, astehelenean Bidasoa aldetik pasatuko da. Igande ilunabarrean, zehazki, Hendaiarat iritsiko da, eta biharamunean, astelehenean, Hendaiatik Leitzarako bidea eginen du. Goizeko 9:00etan abiatuz Lapurdiko kostaldeko herritik. Horiek horrela,  Baztango Talde Ekosozialak ibilaldian parte hartzeko deia egin du, eta horretarako, norbaitek intentziorik balu, joanaldia koordinatzeko, baztanekosoziala@protonmail.com  helbidera idatzi dezakeela jakinarazi du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun