Castazabal musika proiektuaren baitako emanaldia bihar Txokoton

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 5a

Castazabal musika proiektua, «bizitzen ari garen testuinguru historikoan oinarritutako proiektua», aurkeztuko dute bihar Txokoton 20:00etan. Aniztasuna irudikatu nahian; flamenkoaren, jotaren, euskal kantagintzaren, rap-aren eta gehiagoren arteko nahasketatik sortutako lana da hau.

«Flamenkoaren, jotaren, euskal kantagintzaren, rap-aren eta gehiagoren arteko fusioan oinarritzen da proiektua»

Castazabal musika proiektua, «bizitzen ari garen testuinguru historikoan oinarrituta, penintsulako herrien arteko batasuna aldarrikatzen duen begirada eman nahi duen proiektua» da. Gainera, muturrekoagoak diren ideologiak eta gizarte klase markatuak direla eta, enpatia eta desberdinarekiko errespetu falta pairatzen duten pertsonen arteko batasuna bultzatzeko helburua duenez, lehen begiradan kontrakoak diruditen musika estiloen nahasketatik abiatu da. Hola, flamenkoaren, jotaren, euskal kantagintzaren, rap-aren eta gehiagoren arteko fusioan oinarritu da.

Lana inplikazio osoz garatu ahal izateko, hautatutako musika estilo horiek ordezkatzen dituzten herrietan garatu da proiektua: Sevillan, Cadizen, Kordoban, Madrilen eta, jakina, Nafarroan. Horren bidetik, testuinguru desberdinetan murgiltzeagatik, proiektuak izate propio eta espeziala hartu duela esplikatu dute sortzaileek.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun