Baztango EH Bilduk zinegotzi aldaketa iragarri du

Ttipi-Ttapa 2025eko abuztuaren 29a

Balleko Etxea

Joselu Retegi Iturbidek Baztango EH Bilduko zinegotzi kargua utziko du eta Elisa Almandoz Irigoienek hartuko du Retegiren lekua.

Irailaren 1ean ezohiko bilkura eginen dute Baztango Udalean eta hor iragarriko da Joselu Retegik «arrazoi pertsonalak» direla eta, Baztango EH Bilduko zinegotzi kargua utziko duela. Ondotik, iraileko ohiko bilkuran Elisa Almandozek hartuko du zinegotzi postua. Horrela, Fernando Anbustegik, Gorka Urtasunek, Alaitz Arretxeak, Lorea Lizarretak, Mariano Iribarrenek eta Elisa Almandozek osatuko dute Baztango EH Bilduko zinegotzi talde berria.

Are, zinegotzi aldaketaren bidetik, egoera berrira egokitzeko bertzelako aldaketa batzuk eginen direla ziurtatu du alderdiak: «Joselu Retegi lur komunalen kudeaketaren arduradun izan da orain arte, eta hemendik aitzinerat, Mariano Iribarrenek hartuko du lan horien ardura». Bertzalde, «Elisa Almandozek hartuko du Hezkuntza eta Kultura arloko lanen ardura».

Alderdiak bere esker onak adierazi ditu: «Eskerrak eman nahi dizkiogu Joselu Retegiri bi urte pasa hauetan egindako lanagatik eta zorte ona opa diogu hemendik aitzinera eginen duen ibilbidean. Modu berean, beraien konpromisoa eskertu nahi diegu EH Bilduko zinegotzi guziei, eta bereziki oraingoan Elisari, Udal jardunean sortutako ezohiko behar honi konpromisoz erantzutearren». Azkenik, herritarrengana jo du alderdiak: «Dei egin nahi diegu herritarrei, Udal jardunenean modu zintzoan lanean ari diren zinegotziak babestu eta arloz arlo laguntzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun