Kultur ekimenak bultzatzeko dirulaguntzak emanen dituzte Baztanen

Ttipi-Ttapa 2025eko abuztuaren 28a

Baztango Balleko Etxea

Baztango elkarteendako zein Baztango guraso elkarteak direnendako zehazki, kulturarekin zerikusia duten ekimenak aitzinerat ateratzeko dirulaguntzak emanen ditu Baztango Udalak. Eskaera aurkezteko epea zabalik dago elkarteendako azaroaren 7ra arte eta guraso elkarteendako 3ra arte.

Baztango Udalak kulturarekin zerikusia duten egitasmoak eta «Baztango haurren kultura prestakuntzan lagunduko duten egitasmo eta jardueren garapena sustatzea» ditu helburu. Hortaz, bi dirulaguntza mota banatuko ditu 2025ean egin nahi diren kultur ekitaldiak laguntzeko. Bata elkarteendako izanen da eta bertzea, berriz, zehazki guraso elkarteak direnendako.

Eskaera aurkezteko epea zabalik dago dagoeneko. Elkarteei bideratutako eskaera aurkezteko epea azaroaren 7ra arte egonen da zabalik; eta guraso elkarteei bideratutakoa aurkezteko epea, aldiz, azaroaren 3ra arte. Eskaera Sede Electrónica - BAZTAN edota edozein erregistro ofizialen bidez aurkeztu beharko da eta honako irizpide nagusi hauek bete beharko ditu onartua izan dadin:

  • Burutu nahi den ekimenak euskararen erabilera bultzatzea.
  • Formakuntza izatea, hau da; ikastaroak, tailerrak, hitzaldiak....
  • Sormen lana izatea, erakusketa, adibidez.
  • Artistikoa edo antzeko izaera duen jarduera izatea: kontzertua, antzezlana, emanaldia...
  • Herritar guziendako irekia izatea.
  • Genero-berdintasuna edota emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioa sustatzea.

Dirulaguntzen eta eskaera aurkezpenen inguruko informazio gehiago eskuratu nahi izanez gero, hemen dago eskuragarri.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun