Aintzane Ariztegi lekaroztarra eta Joanes Altxu oronoztarra, Baztango Gazte Asanbladaren parte diren bi gazte izateaz gain, «sortzaileak», «kuriosoak» eta «saltseroak» ere badira. Eta inurrien gisara, negu sasoian, guttinaka materiala biltzen ibili ondotik eta etengabeko ideien sortze eta birsortze prozesuan murgildu ondotik, uda ailegatutakoan, Urteak eman duena fanzinearekin atera dira karrikara. «Baztango Gazte Asanbladaren urtekariaren bigarren alea da oraingoan prestatu duguna, 2023-2024 kurtsoan Baztango Gaztetxearen bueltan pasatakoa biltzen duena».
Proiektua, partez, kanpora begira sortu dute, «jendeari garatu dituzten ekitaldi, ateraldi eta jarduerak erakusteko». Baina, barnera begiratzean fanzinea are gehiago etxekotu dutela aitortu dute: «Gaztetxeko kideentzako opari moduan egina dagoen zerbait ere badela uste dugu, urtean zehar egindakoak oroitzeko. Gure arteko broma eta jokoek ere lekua hartu baitute orrialdetan».
Bertzalde, fanzinea debalde paratu dute eta eskuratu ahal izateko Baztango Gazte Asanbladako kide bati eskatzea aski dela jakinarazi dute. Bertzenaz, Baztango herri gehienetako ostaturen batean aurkitu daitekeela aipatu dute; Intza tabernan, Txokoto tabernan edota Zubipuntan, errate baterako.
Buruik eztuenak zangoak ibili behar
Fanzineko orrialde arrosetan eduki diferente dezente aurkitzen ahal dira; gai politikoak, denbora pasak, musika, artea, hausnarketak... Eta are anitzagoa suertatzeko, inguruko artistek, orrialdez orrialde, beraien markak eta sinadurak atxikitu dituztela azaldu dute Ariztegik eta Altxuk: «Askatasun osoz sortu dugu. Eta inguruko bertze sortzaileekin ere kontatu nahi izan dugu, norberak bere alea paratuz elkarlanean osatutako proiektua izan zedin».
2023-2024 ikasturtea «gorabeheratsua» izan zela erran dute eta Gazte Asanbladako kideek «intentsitate handiz» bizitu zutela esplikatu dute: «Gehienendako ez zen lehenbiziko ikasturtea izan eta horrek segurtasuna eman zigun jarduterako garaian; hala ere, lehenaldi aunitz bizitu genituen: Izpegiko Bestak, Gaztetxeko obra lanen hasiera…». Hortaz, beraien hitzetan, buruik eztuenak zangoak ibili behar. Azken finean, «zerbait egiten ez dakienak, hura egitea lortzeko, esfortzu bikoitza egin behar baitu». Eta hola ibili zen pasa den ikasturtean gazte talde hau; buru falta zangoekin konpentsatzen, planteatutako proiektu orori pausoz pauso forma eman artio.
«Gazteriak gauza on aunitz ematen dizkio herriari: Haustura eta berrikuntza, mugimendua, erreleboa…»
Burua baino gehiago zangoak dira gazteen ezaugarri eta horrek horrela izan beharra duela argi utzi dute, bai Ariztegik eta baita Altxuk ere: «Edozein herritan komunitatea osasuntsu egoteko gazteria aktibo bat edukitzea beharrezkoa da. Gazteriak gauza on aunitz ematen dizkiolako herriari: Haustura eta berrikuntza, mugimendua, erreleboa…». Eta ematen duenari bueltan hartzea tokatzen zaionez, gazteriaren eta herriaren arteko harremana hartu-emanekoa izatea funtsezkoa dela nabarmendu dute. Herriak gazteria aktiboa beharra duen bezala, gazteria aktiboak herria eta horrek eskaintzen dizkion antolakuntzarako espazioak behar dituelako: «Bertze belaunaldiekin elkarlanean aritzeaz gain, gazteok bide berriak irekitzeko antolatu beharra gara. Antolakuntzarako espazioak behar-beharrezkoak dira horretarako, eta gure kasuan, Gaztetxea ezinbertzeko tresna da, zaindu eta iraunarazi behar dena».
Egungo munduan gazte izatea zer den
Egungo gazteria, Z belaunaldiak osatzen du, kristalezko belaunaldi ulertezin gisa izendatua den honek. Baina, kristalezko belaunaldi ulertezina omen, Ariztegi eta Altxuren arabera, «errazagoa delako ondoko belaunaldia kritikatzea hura ulertzen saiatzea baino». Gainera, belaunaldi hau, gainerakoak bezala, «bere garaiaren ondorioa» dela argi utzi du bikoteak: «Z belaunaldia mundu kapitalista globalizatu baten ondorioa da». Eta belaunaldi guziak dira «argi eta ilunen» arteko kontrastea. «Gure belaunaldiak zenbait kontu hobetzea lortu ditu, baina baditu bere gabeziak ere, eta horregatik antolatzen gara, gazteriarengan eragin eta horiei kontra egitea lortzeko».
Teknologia garapena izan da Z belaunaldiaren izaera definitu duena, eta hori belaunaldiaren alde ilun bat izan beharrean argi gisa erabiltzearen alde agertu dira biak: «Garaiak eman dizkigun ezaugarri horiek bertzelako gizarte baten mesedetara jarri behar ditugu. Sare sozialetan gaudela? Ba eragin ditzagun kontzientzietan hortik ere bai. Hori ukatzea hanka sartze handia da».
Zailtasunak Baztanen
Gazteria goiti eta gazteria beheiti, baina zer da egiazki gazte izatea? «Gazte egiten gaituena haur izatetik heldu izaterainoko fase arraro hau da. Pertsona gisa autonomoak gara, baina ez dugu bizi propio bat eraikitzeko aski autonomiarik». Bizi propio bat eraikitzeko baliabideak behar baitira eta horiek lortzeko «zailtasun aunitz» baitaude; horien artean, etxebizitza eta lana: «Baztanen lan eta bizi baldintzak geroz eta kaskarragoak dira. Baina sistema krudel honek engainatu eta bertze aldera begira jarri nahi gaitu, eta nahiago du gure kezka handienak gauza hutsalak bihurtzea: Gure itxura, desfasea, luxua…».
«Geroz eta indibidualistagoa da gaur egungo gazteria»
Gainera, autonomia eta indibidualismoa bereizten dituen marra lausotzen ari dela badirudi: «Geroz eta gehiago begiratzen diogu norbere ongizateari eta guttiago gure inguruari. Gazteriaren gehiengoak herriarekiko kezka eta konpromisoa arras baxua duela ikusten dugu eta horrek gure kalterako jokatzen du».
Argi bihurtu
Azkenik, Baztango Gazte Asanbladaren bueltan «kide gehiago biltzea» ongi legokeela baieztatu dute. Eta haustura eta berrikuntzaren alde, Baztango ingurua argiztatzeko, pausoak ematen segituko dutela ziurtatu dute: «Gure herrietara bizitzera etorri diren jatorri anitzeko bizilagunen presentzia handitzen joan da, eta hori ez da gure antolakuntza espazioetan islatzen. Etorkizunean, migratzaileekin dugun arrakala ttikitzeko lanean aritu nahi dugu. Ez dugulako egoera hori bizi dutenei bizkarra emanen dien komunitate baten parte izan nahi».