Irailean eta azaroan, klima aldaketaren inguruko jardunaldiak antolatu dituzte Elizondon

Ttipi-Ttapa 2025eko abuztuaren 25a

Baztango Talde Ekosozialak eta Akelarre liburu dendak aldaketa klimatikoa oinarritzat hartuta bi jardunaldi antolatu dituzte Arizkunenean: Xan Lopezen El fin de la paciencia liburuaren aurkezpena irailaren 13an, 19:30ean, eta Jason Hickel adituarekin klima larrialdiaren inguruko saioa azaroan. Plaza mugatuak izanen dira eta hortaz, aitzinetik izena eman beharko dela jakinarazi dute.

«Orain arteko klima egonkortasuna desagertu delako eta klima aldaketa hemen dagoelako», klima aldaketaren inguruko jardunaldiak antolatu dituzte Baztango Talde Ekosozialak eta Akelarren liburu dendak. Orain arte, «atmosferan metatutako CO2ak gizakien eta lurreko gainerako espezieen biziraupena kolokan paratu du». Hortaz, «utzikeria alde batera utzi» eta «esku hartzeko» garaia heldu da. Horren aitzinean, «Klimaren herria sortzea» proposatzen da, munduak martxan segitzeko: «Edozein askapen eta eraldaketa proiektuk klima egonkortu behar du, hori da oinarrizko baldintza askapen eta eraldaketa sozialean jarraitu ahal izateko».

«Edozein askapen eta eraldaketa proiektuk klima egonkortu behar du, hori da oinarrizko baldintza askapen eta eraldaketa sozialean jarraitu ahal izateko»

Egoera hori izanda, eta Klimaren herria sortzea helburutzat finkatuta, helburura poliki-poliki hurbildu ahal izateko bidearen sarrera gisako jardunaldiak antolatu dituzte Baztango Talde Ekosozialak eta Akelarre liburu dendak. Batetik, Xan Lopezen El fin de la paciencia saiakera poetikoa den liburuaren aurkezpena antolatu dute. Liburuak uneko kontzientziaren, kontraerranak kudeatzeko heldutasunaren, estrategia finkatzeko argitasunaren, jendeak antolatuta borrokatzen duenean gertatzen denaren eta gehiagoren inguruko hausnarketa egiten du. Bertzetik, Nazio Batuen Erakundeko aholkularia den Jason Hickel ekonomia antropologoaren hitzaldia antolatu dute. Eta klima larrialdiaz, eraldaketa ekonomiko eta sozialaz, post hazkundeaz , deskarbonizazioaz, energia trantsizioaz, Txinaz… arituko den lan-saio gisakoa izanen da hau. Gainera, bi saioetan euskarara aldi bereko itzulpena izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun