Joan den urteko azaroan, Hermanas Hospitalarias enpresak, Nafarroako Gobernuaren baimenarekin, Elizondoko Benito Menni ospitaleko hiru eraikinetako bat hestea erabaki zuen. «Dena etekinak handitzeko helburuarekin». Erabaki hori baimendu ondotik, «langileen baldintzak okertu» direla eta «erabiltzaileek hartzen duten zerbitzua larriki kaltetua» suertatu dela jakinarazi dute ospitaleko langileek. Hortaz, Nafarroako Gobernuak erabakia babestu izana salatu dute, eta «zerbitzuaren kalitatea helburutzat izan beharrean, negozioa lehenestea» leporatu diote enpresari. «Ezin baita pertsonen ongizatearekin jokatu, bakarrik etekin ekonomikoak handitu nahi izateagatik».
«Ezin da pertsonen ongizatearekin jokatu, bakarrik etekin ekonomikoak handitu nahi izateagatik»
Egoera hori izanda, Benito Menniko langileek Nafarroako Gobernuari eskaera egin diote: «Nafarroako Gobernua interpelatzen dugu kontu honetan inplikatu dadin. Diru publikoa erabiltzen delako zerbitzu hau azpikontratatzeko. Beraz, diru hori kalitatezko zerbitzua bermatzeko, langileentzako baldintza onak bermatzeko eta eskualdeko despopulazioan eragina ez egiteko erabili beharko litzatekeela aldarrikatzen dugu».
Bertzalde, helburuak lortzeko eta greba egunetan entzunak izateko egitaraua prestatu dute:
- Abuztuak 29: Auto karabana Elizondon barna.
- Irailak 3: 11:00etan, elkarretaratzea Nafarroako Gobernuko Gizarte Eskubide Sozialen departamentu aitzinean, Iruñean.
- Irailak 5: 19:30ean elkarretaratzea Elizondoko plazan.