«Herriko biodibertsitatea gehiago ezagutzeko» helburuarekin; elezahar, ipuin, eleberri eta filmetan maiz ageri ohi diren gauenaren inguruko ibilaldi gidatua egin zuten Elizondon, asteazken gauean. Ekimena Baztango Talde Ekosozialak eta Amezti elkarteak antolatu zuten, baina, Miren Aldasoro, gauenarei buruzko doktore tesia garatu duena, izan zen ibilaldiko gidari. 36 lagun bildu ziren eta jardunaldiak «jendearen interesa piztu» zuela ziurtatu dute antolatzaileek.
Lehenbizi, Amezti elkartean, Aldasorok argibide eta azalpen batzuk eman zituen eta gauenaren inguruko hainbat bitxikeria ere partekatu zituen. Ondotik, elizako lorategian eta Arizkunenea gibeleleko aldean, uhaldearen bazterrean, geldialdiak egin zituzten, irrati entzungailuen bidez gauenaren infrasoinuak entzun eta identifikatzeko. Hiru espezie behatu zituzten: Pipistreloa (Pipistrellus pipistrellus), baratze saguzarra (Eptesicus serotinus), eta daubenton saguzarra (Myotis daubentoni).
Erran bezala, ugaztun hauen inguruko hainbat bitxikeria partekatu zituen Aldasoro biologoak. Horien artean, hegan egiten duten ugaztun bakarra direla, gauez bizi direla eta urteko sasoiaren arabera hibernatzen dutela, munduko 1.400 espezietatik Euskal Herrian 27 aurkitu daitezkeela, etab. Gainera, nahiz eta odol zurrupatzaileak badauden, Euskal Herrian topatu daitezkeenak zehazki, eulitxak eta mamurruak jaten dituztenetarikoak direla azpimarratu zuen Aldasorok. Horrez gain, polinizatzaileak direla ziurtatu zuen eta hortaz, «funtzio ekosistemiko garrantzitsuak betetzen» dituztela gehitu zuen.