Ezkabazabal plaza jendez betea zela jokatu zuten Herriz Herri Txapelketako finala. Bero handia zela eta, ordubete atzeratu zen kirolarien jarduna.
Lehen proba konbinatuan lau talde aritu ziren nor baino nor eta Ultzamaldea nagusitu zen. Bigarren lekua Arraiozentzat izan zen, hirugarrena Berriozarrentzat eta laugarrena Basaburuarentzat.
Bigarren proba konbinatuan berriz, lau talde ziren aritzekoak, horien artean Arraioz, baina beroagatik ez parte hartzea erabaki zuten. Hala, hiru talde aritu ziren lehian: Etxarri Aranatz nagusitu zen, bigarren lekua Txantrearentzat izan zen eta hirugarrena Ultzamaldearentzat.
21 urtez azpikoen lehia ere egin zuten atzo. Kasu horretan ere hiru talde aritu ziren eta Berriozarrekoentzat izan zen lehen postua. Araxes eta Antsoain gelditu ziren bigarren eta hirugarren.