Lur eremuak Magna izena hartuko du eta aziendak Magnari kaka eginen dio, «Magnak aziendari kaka egin nahi dion bezala, Erdizko bazkalekuak kenduz»
Magnari Kaka zozketa, joko estiloan, joan den urteko metodo bera erabiliz eginen dute aurten ere. Gainera, zozketa bitartean, tragoak eta pintxoak izanen dira. Merkatuko Plazako lur eremu bat finkatu eta hetsiko dute eta eremu horren baitan, zozketan parte hartzeko saldutako txartel bakoitzari lur zati bat egokituko diote. Horrela, azienda lur eremu finkatutik barna ibiliko da kaka egin arte. Lur eremuak Magna izena hartuko du eta aziendak Magnari kaka eginen dio, «Magnak aziendari kaka egin nahi dion bezala, Erdizko bazkalekuak kenduz». Azienda bakoitzak kaka egiten duen lehenbiziko hiru lur zatiak eta horiei egokitutako zenbakiak izanen dira sarituak.
Hiru sari diferente zozketatuko dira. Lehenbiziko saria Baztango komertzioetan gastatzeko 1.000 euro eta behiak izanen dira. Bigarrena, aldiz, 300 euro eta zaldiak eta hirugarrena, azkenik, 200 euro eta ardiak. Bertzalde, sarituak 15 egunez ateratzen ez badira, zenbaki horren gainean dagoenari egokituko zaio saria.
Zozketan parte hartzeko txartelak ohiko dendetan salgai daude dagoeneko eta zozketa egun berean ere erosten ahalko dira Merkatuko Plazan, 2,5 euroren truke.
Erdiz Bizirik plataformako kideek data altxatzeko eskaera egin dute eta plataformaren izatea eta helburuak oroitarazi dituzte: «Ez dugu etsiko, gure lurrak eta bizimodua defendatzen jarraituko dugu. Landa eremuaren defentsan, Erdiz Bizirik!».