Zizurko erailketa matxistagatik «haserrea eta mina partekatzeko» bildu ziren Elizondon

Ttipi-Ttapa 2025eko abuztuaren 5a

Elkarretaratzea Elizondoko plazan abuztuaren 1ean. Argazkia: Utzitakoa

Pasa den asteko asteartean, uztailaren 29an, Zizur Nagusian (Nafarroa) 85 urteko gizon batek bere 78 urteko emaztea hil zuen. Gertatutakoaren aitzinean, isiltasuna hausteko eta elkartasuna adierazteko elkarretaratzea antolatu zuten Elizondoko plazan ortziralean.

Elizondoko plazan, joan den asteko ortzirale arratsaldean, berriki, Zizur Nagusian gertatutako «hilketa hau gaitzesten» dutela ziurtatu zuten, baina kasu hau kasu isolatua ez dela ere nabarmendu zuten: «Aurten Euskal Herrian gertatzen den 5. erailketa matxista da Zizurkoa, eta 2003tik 130.ena». Hola, datuak «larriak» direla ohartarazi zuten.

Azken erailketa hau gaitzesteaz gain, emakumezkoen kontrako eraso guziak gaitzesten dituztela argi utzi zuten eta indarkeria matxistaren aitzineko isiltasun «pasibo» horri aipu berezia egin zioten: «Indarkeria fisikoa, psikologikoa, sexuala, ekonomikoa...gaitzesten ditugu, baina baita isiltasun konplizea ere». Eta horren segidan, egoeraren aitzinean ezkutuan posizionatu eta konplize bihurtzen duen isiltasun hori hausteko aldarria egin zuten: «Posizionatu eta ez eman aitzakiarik indarkeriari, parte hartu talde eta ekimen feministetan, formatu eta ikasi».

«Badirudi zifrez ari garela; bat, bi, hamaika...Hamaika emakume erailak, hamaika familia eraso matxisten biktima, hamaika lagun, hamaika malko jendearen masailetan, hamaika hiltzaile eta hamaika injustizia»

Erran bezala, Zizur Nagusiko erailketa Euskal Herriko aurtengo 5.erailketa matxista da eta 2003tik 130.ena. Horren bueltan, zifra horien «hoztasuna» agerian utzi nahi izan zuten eta zifren gibeleko aldeko errealitatea agerian utzi zuten Elizondoko plazan: «Badirudi zifrez ari garela; bat, bi, hamaika...Hamaika emakume erailak, hamaika familia eraso matxisten biktima, hamaika lagun, hamaika malko jendearen masailetan, hamaika hiltzaile eta hamaika injustizia».

Zifra hotz horien harira, zenbakien gibeleko aldean izen abizeneko emakume bat eta bizi bat zegoelako, hona kutxa honetan 2003tik Euskal Herrian erailketa matxistagatik hildako emakume batzuen kasua:

  • 2003 Mendabia (Gipuzkoa): Mutil ezezagun batek kolpeka hil zuen Sara Victoria.
  • 2004 Aiegi (Nafarroa): Senarrak tiroka hil zuen Mercedes Galdeano.
  • 2005 Bakio (Bizkaia): Bikotekide ohiak bortxatu eta labankadaz hil zuen Aintzane Garai.
  • 2006 Barakaldo (Bizkaia): Bikotekideak tiro batez hil zuen Idoia Barba.
  • 2007 Tutera (Nafarroa): Senarrak Flor Maria Comacho ito zuen.
  • 2008 Mañueta (Araba): Senarrak labankadaz hil zuen Estibaliz Angulo.
  • 2009 Gernika-Lumo (Bizkaia): Senarrak labankadaz hil zuen Izaskun Jimenez.
  • 2010 Lasarte-Oria (Gipuzkoa): Semeak labankadaz hil zuen Isabel Velez.
  • 2011 Bilbo (Bizkaia): Bikotekide ohiak labankadaz hil zuen Deisy Mendoza.
  • 2012 Tolosa (Gipuzkoa): Bikotekide ohiak labankadaz hil zuen Caridad Rodriguez.
  • 2013 Laudio (Araba): Senarrak labankadaz hil zuen Amagoia Elezkano.
  • 2014 Mungia (Bizkaia): Bikotekide ohiak Andina Pereira ito zuen eta 10 urteko alabak aurkitu zuen hilda.
  • 2015 Azpeitia (Gipuzkoa): Semeak kolpeka hil zuen Maria Milagros J. U.
  • 2016 Angelu (Lapurdi): Senarrak tiroka hil zituen Christelle Delaval emaztea eta bere alabak.
  • 2017 Lantaron (Araba): Bikotekideak aizkorarekin kolpatuta hil zuen Ana Belen Jimenez.
  • 2018 Uharte (Nafarroa): Bikotekideak kolpeka hil zuen Natalya Balyuk.
  • 2019 Urruña (Lapurdi): Bikotekideak tiro batez hil zuen Mayie Nervi.
  • 2020 Abanto (Bizkaia): Senarrak Paola Mendez emaztea eta bere alabak hil zituen.
  • 2021 Murchante (Nafarroa): Bikotekide ohiak lehenik autoaz kolpatu eta gero labankadaz hil zuen Maria Pilar Berrio
  • 2022 Cortes (Nafarroa): Senarrak kolpeka hil zuen Maria del Carmen Ruiz.
  • 2023 Iruña (Nafarroa): Senarrak beraien tabernan hil zuen Zhen Jiang.
  • 2024 Pasaia (Gipuzkoa): Bikotekide ohiak suzko arma batekin hil zuen Ana Leonor R. M.
  • 2025 Irun (Gipuzkoa): Semeak labankadaz hil zuen Mirentxu Arregi.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun