Marietak Zirkus zirku-antzerki emanaldia larunbatean Arizkunen

Ttipi-Ttapa 2025eko abuztuaren 5a

Zirika Zirkuseko partaideak

Zirika Zirkusek zirkuaren eta antzerkiaren arteko bidetik sortutako antzezlan bitxia eskainiko du larunbatean Arizkungo plazan 19:30ean

Oinak hodeietan kultur programak Nafarroa osoan, herriz herri, artista diferenteen emanaldiak finantzatu eta eskaintzen ditu urtero. Hori dela eta, larunbatean Arizkungo plazan Zirika Zirkusek Marietak Zirkus emanaldia eskainiko du herriko plaza biribil hura bere «aire zabaleko pista» bihurtzeko intentzioarekin.

Marietak Zirkus zirku eta antzerkiaren arteko bidetik, biak fusionatzean sortutako antzezlana da, izeba eta iloben arteko istorio bat abiapuntu hartzen duena. Ilobek izeba ikaragarri maite dute eta behar baino gehiago zaintzen dute, kotoi artean edukiko balute bezala. Baina, izebak oraindik bere buruaz zaintzen dakiela erakustea izanen du helburu eta familia maitasuna alde batera gelditzen hasiko da lehiakortasunari eta anbizioari  pausua emanez.

Antzezlana mota eta adin guzietako publiko orori zuzenduta egonen da eta ordu bat iraunen du gutti goiti-beheiti.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun