Arras Baztanek borzgarren urtez, Loraldia, «etxeak balkoiak eta leihoak apaintzeko Baztan mailako sariketa», antolatu du eta pasa den larunbatean, abuztuaren 2an, egin zuen sari banaketa Elizondon. Ekimenaren bidez, etxeak landareekin apaintzeko tradizioa «berreskuratu» eta «bizirik mantendu» nahi da eta horrez gain, helburua «ingurumenaren kalitatea eta irudia hobetzea» ere bada. Horrela, Baztango izatea eta kultura kontuan hartuta bizitzeko ingurune «hobe eta atseginago» bat sortu nahian. Urteroko legez, epaimahaia Arkupeak elkarteko lorezaintza ikastaroko kideek osatu dute; eta sarituei Bertan Baztanen parte diren dendetan gastatzeko 50 euroko txartel bana eman zaie.
Sarituak
19 proposamen aurkeztu ziren aurtengo ediziora eta horietatik sei saritu ditu epaimahaiak, hiru kategoria diferentetan: Balkoirik edo leihorik hoberena, etxe edota baserri fatxadarik hoberena eta merkataritza establezimendu edota turismo ostatu fatxadarik hoberena. Lehenengo kategorian, leiho edo balkoirik hoberenean, Iruritako Maria Etxenike eta Maria Pilar Cordoba izan dira sarituak, biak Eguzkietxekoak. Bigarren kategorian, etxe edota baserri fatxadarik hoberenean, Maria Josefa Barberena Elizondoko Perotxenekoa, Romi Bikondoa Beartzungo Pardilenekoa eta Maria Teresa Ibarra Zigaurreko Migelenekoa izan dira sarituak. Eta azkenik, hondar kategorian, merkataritza establezimendu edota turismo ostatu fatxadarik hoberenean, Elizondoko Txokoto Taberna izan da saritua.