Baztandarren Biltzarrako tradizioez eta berrikuntzez mintzo

Ttipi-Ttapa 2025eko abuztuaren 2a

Nahia Juanena ezkerrean eta Naroa Ballarena eskuinean. Argazkia: Utzitakoa.

Nahia Juanena eta Naroa Ballarena Baztandarren Biltzarra elkarteko kideekin Baztandarren Biltzarra egunaren, tradizioen eta berrikuntzen bueltan kontu kontari

Urteroko legez, Elizondoko besten aitzineko asteburuan ospatu zuten baztandarrek Baztandarren Biltzarra, beraien besta berezia. 1963.urtetik bizirik dirau besta herrikoi honek, nahiz eta urteren batean egin ez den. Urtez urte, aldaketak eta moldaketak izan dira gizarteko eta inguruko aldaketekin bat, hala ere, gaur egun tradizio aunitzek bestaren oinarrietan irauten dute. Aldaketa horien artean, antolaketa lanarena aipatzekoa da. Gazte talde bat antolatzen hasi baitzen besta 1963an eta gero Baztango Udalak hartu baitzuen beregain antolaketa, 1964tik 1976ra bitarte. 1977tik aitzinerat, ordea, berriz ere, antolaketa lana gazteen esku gelditu zen eta gaur egun horrela segitzen du tradizioak. Horren harira, Nahia Juanena eta Naroa Ballarena Baztandarren Biltzarra elkarteko kide diren elizondoar gazteak kontu kontari ibili dira Ttipi-ttaparekin, Baztandarren Biltzarra egunaz eta aitzineko antolaketa lanaz. Juanena eta Ballarena Baztandarren Biltzarrarendako dirua biltzeko klasikoa bihurtu den tonbolako arduradunak dira. Eta nahiz eta tonbola eta eguneko zozketa dirua biltzeko modu arras berritzailea iduritu, gibelera begiratuz gero, sistema hain berria ez dela ohartuko garela esplikatu digute: «Baztandarren Biltzarra bezalako besta bat antolatzeak eta mantentzeak inbertsio handia suposatzen du; eta, hortaz, diru gehiengoa biltzeko tonbolaz baliatzen gara gaur egun. Hala ere, sistema arras berria iduritu arren, bere izatean tradizio puska bat darama, 1969an, adibidez, dirua biltzeko, gaur egun bezala, zozketaz eta jokoaz baliatu eta Seat 124 bat zozketatu baitzuten».

Noiztik Baztandarren Biltzarra elkartean?

Ballarenak aurten hirugarren urtea du eta Juanenak, aldiz, lehenbizikoa.

Zerk bultzatu zizuen elkartean sartzera?

Jende faltak batez ere, ni (Ballarena) sartu nintzenean elkartea eta besta bera galtzeko arriskuan zeuden, kide ohiek elkartea utzi zutelako. Beraz, bertze hainbat gazterekin batera elkartean sartu nintzen eta elkarteko belaunaldi berria izenez deitzen ahal dena sortu genuen. Juanena, aldiz, nik bultzatuta sartu zen, geroz eta jende gehiago bilduz gero aisago antolatzen delako besta.

Tonbolaz arduratzen zarete...

Bai, hala da, Baztandarren Biltzarrako tonbolaz arduratzen gara. Baztandarren Biltzarra antolatu eta bere osotasunean mantendu ahal izateko, dirua biltzeko egitasmoa da tonbola. Gainera, besta egunean, bazkalondoan, tonbolako txartelen zenbakiekin Baztango dendetan gastatzeko hiru txartelen zozketa ere egin ohi dugu. Hala ere, nahiz eta batez ere tonbolaz arduratu, elkarteko gainerako kideekin auzolanean ere aritzen gara urte osoan tokatzen diren bertze lan batzuk aitzinerat eraman ahal izateko. Aurten, adibidez, barrakoia txukundu eta konpondu dugu denen artean.

Nola funtzionatzen du Baztandarren Biltzarrako tonbolak?

Lehenik, Baztango komertzio guziekin kontaktatzen dugu, txartelen sariak eskatzeko eta beraiek zein sari eman nahi duten erraten digute. Ondotik, bildutako sariak eta guk erositakoak zerrenda batean paratzen ditugu eta inprimatzera bidaltzen ditugu txartelak. Behin inprimatuta, txartel saritu eta ez sarituak nahasten ditugu eta kaxetan sartzen ditugu. Akitzeko, Baztango komertzio ezberdinetan saltzeko txartel kaxen banaketa egiten dugu. Komertzioak orokorrean arras ongi portatu ohi dira, bai sariak borondatez ematerako orduan eta baita txartelak saltzerakoan.

Nola bizitzen duzue elkarteko kide izatea?

Elkartean egoteak eta besta antolatzeak denbora eskaintzea eta lan franko egitea eskatzen du, baina, Baztandarren Biltzarra eguneko giro polita ikustean urte guziko lanak merezi izan duela sentitzen dugu. Bertzalde, tonbolako kasuan, adibidez, gure momentu txarrak ere pasatzen ditugu eta noizbait jendeak sobera exijitzen digula ere sentitu izan dugu. Hanka sartu izan dugunean manera txarretan erantzun izan digutelako eta lanean gure borondate propioz ari garela apreziatzen ez dutela sentitu izan dugulako. Azken finean, 8.500 boleto inprimatzen ditugu, Baztanen 500 komertzio baino gehiago daude eta zerbaitekin nahasi eta hanka sartzea erraza dela ulertu behar da.

«Baztandarren Biltzarra euskara bultzatzearen, auzolanaren, elkartasunaren eta berdintasunaren sinonimo bihurtu da»

Baztandarren Biltzarra ilusio handiz bizitzen duzue. Zer da bere osotasunetik gehien gustatzen zaizuena?

Baztandarren Biltzarraren bueltan sortzen den elkartasun giro berezia. Baztanen egiten den ekitaldi garrantzitsu eta espezialena dela erran daiteke. Eta horrez gain, besta hau besta bat baino aunitzez ere gehiago bihurtu izana ikaragarria da. Azken finean, Baztandarren Biltzarra euskara bultzatzearen, auzolanaren, elkartasunaren eta berdintasunaren sinonimo bihurtu delako.

Zerbait gehitzeko?

Aurten, denek disfrutatu ahal izateko Brigada Morearen laguntzaz besta seguru baten alde egin dugula aipatzea. Brigada Morea izan baita bestako azken urteetako berrikuntza.

 

Aspaldiko bitxikerien txokoa:

Urtez urte bestaren inguruan erregistratutakoak dira hauek:

  • 1963: Los Amigos del Valle izeneko gazte taldeak antolatu zuen lehendabiziko edizioa.
  • 1964: Bestaren antolaketa Baztango Udalak hartu zuen beregain.
  • 1965: Bazkariko txartelen prezioa 100 pezetakoa izan zen; 0,60 eurokoa.
  • 1966: Ez zen Baztandarren Biltzarra ospatu.
  • 1967: Baztango banderak desfilea ireki zuen.
  • 1969: Ikurrina legala ez zenez, dantza taldeak banderaren haga hutsik eraman zuen.
  • 1969: Bazkalondoan, Seat 124 autoa zozketatu zuten.
  • 1971: Diario de Navarrako titularra: «Elizondo, zegokion legez, Euskal Herriko hiriburua bihurtu zen atzo».
  • 1973: 30.000 pertsona inguru hurbildu ziren besta egunean Elizondora.
  • 1976: Ikurrina Elizondoko plazan paratu zuten.
  • 1976: Aberri Eguna Baztandarren Biltzarra egunean berpiztu nahi izan zela salatu zuten.
  • 1977: Gazteen esku, Baztandarren Biltzarra elkartea, elkarte gisa legalizatzen hasi zen.
  • 1980: Mutil dantzetan emakumezkoek parte hartu zuten.
  • 1989: Kubarako bidaia zozketatu zuen elkarteak.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun