Baztango futbolak 100 urte gibeletik eta aunitz aitzinetik

Ttipi-Ttapa 2025eko abuztuaren 1a

Baztango futbol klubeko jokalarien aspaldiko argazkia Giltxaurdiko futbol zelaian.

Baztango futbol klubak, izen ofizialez Baztango Kirol Elkarteak, 100. urteurrena egin du aurtengo denboraldian eta inoiz baino talde gehiagok osatzen dute kluba. Etorkizunera begira, urte luzez Baztango kamisetarekin jokatzen segitzeko ilusioa erakusten dute jokalariek

Baztango Kirol Elkarteak, 100.urteurrena ospatzen du aurten. 1925etik darama ofizialki Baztanen futbola sustatzen inongo irabazi asmorik gabe eta herritarrak aktibo mantentzeko helburuarekin. 100 urte luze dira eta momentu hobeak eta makurragokoak izan dira, gizartearen bide berari jarraiki. Urte hauek guzietan, gizartea eta ingurua aldatu diren heinean, Baztango futbola aldaketa horietara moldatuz eta bide propioa eraikiz ailegatu da gaur egunera arte. Eta bide horretatik, inoiz baino biziago egotera ailegatu da, 350 jokalari baino gehiago baititu gaur egun. «Gauzak ahalik eta hobekien egiten saiatu gara, nahiz eta batzuetan hanka sartu. Hala ere, hemen gaude oraindik, 100 urte geroago», dio Txema Garaikoetxeak, klubeko presidenteak. Gainera, kluba aitzinerat eraman dutenak eta gaur egun bizirik mantentzen dutenak boluntarioak dira, eta klubari eskaintzen dioten denbora gazteen ilusioak eta asteburuetan futbol zelaian sortzen den giroak konpentsatu ohi dutela kontatu du Garaikoetxeak.

Aunitz eman die aunitzi

Baztanen, futbol klubak aunitz eman die aunitzi. Futbolak aunitz erakutsi baitie aunitzi, lagunak eman baitizkie gehienei eta pasio bat bilakatu baita bertze hainbertzerentzat. Eta hori argi utzi du Garaikoetxeak: «Futbolak dena eman dit iraganean eta dena ematen dit gaur egun ere. Gaztetan, jokalaria nintzelarik, nire bizitza osoa futbola zen, nire lagun gehienak futbolak eman baitzizkidan. Gaur egun, aldiz, diferente bizitzen dut, klubeko presidente gisa ardurak eta bizipenak bertzelakoak direlako, baina, aunitz ematen dit gaur egun ere, futbola pasioz bizitzen dudalako». Horren harira, Aritz Maisterrenak, autonomikako jokalariak, berari futbolak aunitz erakutsi diola eta aukerak eman dizkiola ziurtatu du: «Ttikitan hasi nintzen futbolean eta pertsona aunitz ezagutzeko aukera izan dut futbol munduan. Gainera, kirolaz disfrutatzeko aukera ere eman dit eta talde bezala jokatzea zer den erakutsi dit». Hala ere, belaunaldiz belaunaldi gazteen bizimodua aldatu den bezala, futbolarekiko konpromisoa guttitu dela erran du Garaikoetxeak: «Gaur egun gazteak gehiago ateratzen dira Baztandik eta beraien bizitzetan bertzelakoak lehenesten dituzte. Guk lehenago ez genuen ateratzeko hainbertze aukerarik eta, hortaz, futbola lehenetsi eta gure bizitzaren erdigunean paratzen genuen».

Aritz Maisterrena, autonomika taldeko jokalaria:«Jende aunitz mugitzen du futbolak Baztanen»
Bilkura leku

Asteburuetan bilkura leku bihurtu da Giltxaurdiko futbol zelaia, partiduak dauden aldiro jendetza elkartzen baita hor. Azken finean, mundu mailan futbolak jende anitz elkartzen duen bezala, Baztanen ere hala egiten du, eta asteburutan elkartzeko toki ohikoa bihurtu da aunitzendako. Maisterrenak erran bezala, «jende aunitz mugitzen du futbolak». Eta egia da hori, neguko asteburuetan adin guzietako jende aunitz hurbiltzen baita arratsaldetan Giltxaurdira. «Astebururo badaude partidak eta partidarik ez dagoenean hutsunea nabaritzen dugu», erran dute Amalur Etxandik eta Ane Mendiburuk, emakumezko infantil-kadete taldeko jokalariek. 

19 talde baino gehiagok osatzen dute Baztango futbol kluba gaur egun eta horietatik 5 nesken taldeak dira. Aunitz hazi da Baztanen futbola azken hamarkada hauetan eta hori frogatzeko oraingo talde kopurua iraganekoarekin konparatzea aski dela aipatu du Garaikoetxeak: «Ni futbolean hasi nintzenean, 80ko hamarkadan, bi taldek osatzen zuten kluba, eta gaur egun, aldiz, 19 taldek osatzen dute, ttikienendako futbol eskola osatzen duten bertze hiru taldeez gain». Hori dela eta, talde kopuru handiagatik, zelai bat guztiendako guttiegi dela azpimarratu du Garaikoetxeak: «Geroz eta zailagoa da talde guzien entrenamenduak eta partidak zelai bakarrean koordinatzea eta talde guziei behar bezalako denbora eta baliabideak eskaintzea». Hala ere, dauden baliabideekin «ahal dena» egiten dutela aipatu du. Eta nahiz eta batzuetan talde kopuru anitzagatik zailtasunak eduki, esfortzuak merezi duela nabarmendu du Garaikoetxeak: «Klub ttiki bat gara eta ahal duguna egiten dugu, baina nahiago dugu 19 taldek kluba osatzea ezen ez lehenengo mailan jokatzen duen talde bakarrak osatzea. Nahiago dugu futbolean jokatzeko aukera gaztetxo guziek edukitzea».

Emakumezkoak

Bertzalde, berrikuntzaz berrikuntza, azken urte hauetan emakumezkoen futbola klubean fuerte sartu da eta erakusten ari diren maila handia txalotzekoa da. «Ongi aritzen gara eta Baztango jendeak eta klubekoek guregatik apustua egiten dutela uste dugu, nahiz eta batzuetan emakumezkoak izateagatik futbol munduan zailtasunak eduki», esplikatu dute Etxandik eta Mendiburuk.

Etorkizunera begira

Erran bezala, momentu onak eta ez hain onak izan dira 100 urte luze hauetan. Baina, azken denboraldi honetan autonomikako taldeak lortu zuena ehun urteetan behin bakarrik lortu da, eta publikoak hori bazekiela azaldu du Maisterrenak: «Nafarroako Super Kopa irabazi genuen eta horrek Aragoiko talde baten kontra Errege Kopako aurretikoa jokatzeko aukera eman zigun. Arras esperientzia polita izan zen, aspalditik ez baitzen Giltxaurdi horren beteta ikusten». Etorkizunera begira, «Baztango futbol taldea Nafarroa guzitik duintasunez defendatzen segitzeko» ahal duten guzia eginen dutela ziurtatu du Maisterrenak eta «aitzinetik gelditzen diren urte guziak konpromisoz eta errespetuz» jokatuko dituztela gaineratu du. Azkenik, etorkizun oro iraganak ahalbidetzen du, eta horren harira, ehun urtetan egon diren guzien omenez mintzatu da Garaikoetxea: «Eskerrak orain dauden guziei eta iraganean egon ziren guziei, denei esker egin baititu 100 urte Baztango futbol klubak».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun