Futbola pasio du Uxoa Bertiz Ayusok (Elizondo, 1997). «Arras ttikitatik» sentitu du futbola bere «parte» dela eta «beti baloia hurbil» eduki izan du. Afizio hori «berezkoa» duela dio, «etxean ez baitzaio inori gustatzen futbola, ezta familian ere». Eta «etxeko telebistan futbola paratzea erronka ederra» izaten zela ere aitortu du irri artean. Berak, ordea, bereari eutsi dio, eta hala ailegatu da hogei urtez futbolean disfrutatzera.
Elizondoko eskolako futbol taldean hasi zen, eta Baztan Futbol Taldera joan zen ondotik, bere hitzetan, «oinarri sendoak» eman zizkion taldera. Irungo Mariño taldea izan zen bere hurrengo taldea eta han «bortz urte zoragarri» pasatu omen zituen. Futbola eta Informatika ingeniaritza ikasketak tartekatuz, putzuaren bertze aldera joateko aukera ere izan zuen, AEBra, eta hango egonaldia «inflexio puntua» izan zen beretako. Osasuna B taldean egin ditu azken urteak, eta hortxe bizitu omen ditu «urterik goxoenak». Euskal Herriko selekzioarekin ere jokatu izan du eta Osasunaren lehenbiziko taldean ere bai. Egindako bidea motxilan sartuta, futbola uztea erabaki du orain elizondarrak. «Erabaki zaila» izan dela onartu du, «gogorra» izan dela eta «negar aunitz» egin duela. Baina bilatu du alde batera utzi gabe, futbolaren bueltan segitzeko bidea: Osasunako lehenbiziko taldeko gorputz teknikoan parte hartuko du.
Afizioz kirolari eta batez ere futbolari, baita errepideko bizikleta zale eta mendizale ere. Ofizioz, berriz, ingeniari informatikaria. Berak «neska xume bat» dela erranez aurkeztu du bere burua, «kirolaria, langilea eta lagunen laguna» dela gehituz. «Bizitza aktiboa izatea eta osasuntsu sentitzea» gustatzen zaio eta «arras familiakoa naiz, senideekin eta kuadrillarekin egotea aunitz gustatzen zait». Bizio bat ere aitortu du: «kafea», eta gaineratu duenez, «konpainia onean baldin bada, hobe». Bere ibilbideari errepasoa egin dio Ttipi-Ttaparekin.
Haur denborako zer oroitzapen dituzu?
Arras haurtzaro zoriontsua dut gogoan.Futbola beti izan dut presente: eskolako patioan, karrikan, bakantzetan... Herri giroko haurtzaroa izan zen: karrikan, errekan, igerilekuan, bizikletan... Beti lagunekin eta beti mugitzen.
Futbola aipatu duzu. Norbaitengandik heldu zaizu afizioa edo berezkoa duzu?
Berezkoa dela erranen nuke. Etxean ez zaio inori futbola gustatzen, ezta familian ere. Etxeko telebistan futbola paratzea erroka ederra zen [irriz]. Baina arras ttikitatik sentitu nuen futbola nire parte zela.
Eskolako taldean hasi zinen. Orduko zer oroitzapen dituzu?
Eskolako taldean neska bakarra nintzen eta hasmentan lotsa handia ematen zidan: zortzi urte, segurtasun falta, ume moko bat... Baina baloia oinetan nuenean, dena atzentzen zitzaidan. Taldekideak beti primeran portatu ziren nirekin, bertze bat gehiago nintzen. Partidu guziak Lesakan jokatzen genituen eta Mastegi futbol zelaia estimu handitan dut.
«Futbolean nire urte politenak azken hirurak izan dira»
Hortik Baztan Futbol Taldera salto egin zenuen. Kontatu...
Baztanen hasi zen dena. Hantxe sentitu nintzen lehendabiziko aldiz futbolari. Futbol 11ra salto egin nuen eta bai klubaren eta bai taldekideen aldetik, tratua zoragarria izan zen. Nire nortasuna eta balioak han hasi ziren eraikitzen. Oinarri sendoak eman zizkidan Baztan Futbol Taldeak.
Hamalau urterekin, Baztandik Irungo Mariño taldera. Zer ikasi zenuen Mariñon?
Mariñon bortz urte zoragarri pasatu nituen. Futbolari dagokionez, taldean zein pertsonalki, urte ederrak izan ziren: bi igoera lortu genituen, txapelketa aunitz irabazi... Gurasoek ere aunitz disfrutatu zuten, lagun arras onak egin zituzten bertze jokalarien gurasoen artean eta horrek aunitz alegeratzen nau.
Handik AEBra joan zinen, Springfieldera, eta lau urte pasatu zenituen, informatika ikasketak eta futbola uztartuz... Nolako esperientzia izan zen?
Nire bizitzako inflexio puntua izan zen. Ez nuen pentsatzen hainbertzerakoa izanen zenik, baina lau urteko esperientzia ikaragarria izan zen. Familia eta lagunak gibelean utzita, haur ttiki haren ametsaren bila joan nintzen eta merezi izan zuen. Eta aunitz gainera! Nire nortasuna aunitz sendotu zen, munduari ateak ireki nizkion. Ez dut inoiz atzenduko.
Eta azken urteotan Osasuna B taldean ibili zara. Nolako urteak izan dira?
Nafarroako talde garrantzitsuenean jokatzea arras berezia izan da. Osasunan familia bat aurkitu dut, lagun minak egin ditut eta futbol mailan nire urterik goxoenak bizi izan ditut. Urte guziak politak izan dira, baina bereziki azkeneko hirurak. Kirolean esperientzia garrantzitsua da, eta hori aunitz sumatu dut azkeneko urteotan. Fisikoki eta mentalki nire momenturik hoberenean egon naiz, eta horren ondorioz, aunitz disfrutatu dut.
Taldeko kapitaina izan zara. Nola moldatu zara?
Ongi, arras polita izan da! Kapitaina izan edo ez izan, nik beti izaera berdina izan dut. Berezkoa dut ingurukoak zaintzea eta beraien ongizateari lehentasuna ematea. Horrela ikusten dut nik gidaritza, zaintza bat bezala. Ez da solas egitea bakarrik, ekintzaz gidatzea baizik. Beti saiatu naiz taldekide guziei taldean toki bat dutela sentiarazten. Futbol zelaian pasatzen diren minutuak ez dira beti garrantzitsuenak; taldearen batasuna bai.
«Antolatua izateak aunitz lagundu dit egunerokoan»
Futbolean jokatzeaz gain, lanean aritu zara...
Bai, ingeniari informatikaria naiz, eta azken sei urteotan futbola eta lana uztartu ditut. Arras gustura ibili naiz. Antolaketa eta lehentasunak argi izatea funtsezkoa da. Hori argi izanda, ez dago zailtasunik.
Lehen ikasketekin eta azken urteotan lanarekin uztartu duzu futbola. Hortaz, ongi moldatu zara?
Betitik arras neska antolatua izan naiz, batzuetan soberaxko... Baina horrek aunitz lagundu dit egunerokoan dena ongi eramateko. Bizitza etapaka da eta etapa bakoitzean lehentasunak daude. Nik nireak aukeratu nituen bere momentuan, eta horiekin aitzinera egin dut beti. Arras zoriontsua izan naiz urte hauetan guzietan.
Futbolean pasatu dituzun urteotan, baduzu, momentu bereziren bat gogoan gelditua?
Urte guziek momentu bereziak eman dizkidate. Gol garrantzitsuak sartzea edo ligak irabaztea arras polita da. Euskal Herriko selekzioarekin jokatzea ere polita izan zen, baita Osasunan lehenbiziko mailako Athletico de Madriden kontra jokatzea ere. Hala ere, momentu bat aukeratu beharko banu, gurasoak AEBko unibertsitateko graduaziora joan zirenekoa aipatuko nuke. Arras hunkigarria izan zen. Beraien alabaren lau urteko lanaren fruituak hor zeuden, atzerrian egindakoak, etxetik arras urrun.
Futbolean zer postutan ibili zara erosoen?
Azkeneko urteotan, aurrelari faltsu bat bezala jokatu dut, mediapunta [erdilari aitzindua]. Pibote bezala ere jokatu izan dut maiz, baita aurrelari ere, taldean behar zuen guzietan. Lanerako beti prest izan naiz.
Zure zer ezaugarri nabarmenduko zenuke?
Langilea naiz, arras konprometitua, fisikoki sendoa eta box to box profila dut. Eutsi, presioa egin, berreskuratu eta erasora ailegatzeko gaitasuna dudala uste dut.
Lesioak ere izan dituzu...
Bai, maila honetako edozein kiroletan normala da lesioak izatea, eta hainbertze urteren ondotik... Ttikitan tibia hautsi nuen, Mariñon nintzela Lisfranc lotailua puskatu nuen eta horrek gerra ederra eman zidan... Osasunan, behin, belaunburua atera zitzaidan eta duela bi urte ukondoko luxazioa izan nuen. Azken urteotan, muskularki ez dut lesiorik izan. Indarra lantzeko entrenamendu aunitz sartu ditut eta nutrizionalki aunitz zaindu izan naiz. Funtsezkoak dira errendimendurako.
Nola ikusten duzu emakumezkoen futbola?
Sei-zazpi urtez emakumezkoen futbola esponentzialki hazi egin da, pauso sendoak eta handiak eman ditu. Baina orain pixka bat egonkortu dela erranen nuke. Aitzinera goaz, baina pauso ttikiagoak emanez.
20 urte pasatu dira futbolean hasi zinenetik. Zertan aldatu da emakumezkoen futbola urteotan?
Uf! Ez du deus ikustekorik! Hasi nintzenean, entrenatzaile bat genuen, eta gehienez, eta suertez, laguntzaile bat. Orain bi entrenatzaile, atezainen entrenatzailea, entrenatzaile fisikoa, analista, nutrizionista, psikologoa, delegatua... Baliabide guziak guretako dira. Aldaketa erraldoia izan da. Gaztetxoek normaltzat hartzen dute, baina ez dela beti horrela izan ikusarazten saiatzen naiz.
«Sariaz gozatuko ez dudala onartzea zaila izan da»
Ekainean iragarri zenuen futbola utziko zenuela. Zergatik erabaki duzu futbola uztea?
Ez dakit erabaki hitza ote den aproposena... Urtarrilean kirol zuzendariak bulegora joateko erran zidan, eta heldu den denboraldian lehenbiziko mailako jokalaria izanen nintzela aipatu zidan. Poz handia sentitu nuen. Baina azken asteotan baieztatu didate lehenbiziko mailako taldeak goizetan eginen dituela entrenamenduak. Orain arte beti arratsaldez izan ditu. Nahiz eta aunitz saiatu naizen, ezin izan dut nire lanarekin uztartu. Ez dut nekatua akitu, nire urterik hoberena egin dut Osasunarekin. Ia minutu guziak jokatu ditut, golak sartu... Momentu ederrean nintzen, baina horrela tokatu da.
Erabaki zaila izan da?
Bai, arras zaila. Aste gogorrak izan dira, negar aunitz egin dut. Eskura izan dudan sariaz gozatuko ez dudala onartzea zaila izan da. Baina aldi berean, lasai eta kontent noa, barnean nuen guzia eman dut beti eta horrekin gelditzen naiz. Hainbertze maitasun eta estimu hartzeak ere aunitz lagundu dit.
Gustura zaude egindako ibilbidearekin?
Elizondoko haur hari holako ibilbidea eginen zuela erran izan baliote, ez zuen sinetsiko! Futbola bezalako kirol batean konpetentzia handia da, eta ez da erraza talde guzietan ongi moldatzea eta gustura egotea, eta nik suerte handia izan dut talde guzietan zoriontsu izan naizelako. Urte politak izan dira, munduko bazter guzietako jende aunitz ezagutu dut, eta lagun min aunitz egin ditut. Ezin dut deus gehiago eskatu.
Pribilegiatua sentitu zara?
Bai, esperientzia deskribaezina eta atzendu ezina izan dudalako.
Futbola utzita, hemendik aitzinera zer intentzio duzu?
Kirola egiten segituko dut, hori seguru. Zer kirol izanen den, ordea, oraino ez dakit, denak gustatzen zaizkit eta beraz, hautatzea izanen da arazorik handiena [Kar,kar,kar]. Familia eta lagunek beti animatu izan naute futbolarekin, nahiz eta beraiekin egoteko denbora kendu. Orain beraiei denbora gehiago eskaini nahi diet. Arras eskertua nago urte hauetan guzietan aunitz lagundu didatelako.
«Ez dut helbururik, ezta beldurrik eta loturarik ere»
Futbolarekin lotua segituko duzu?
Osasunako lehenbiziko taldeko gorputz teknikoan parte hartzeko aukera eskaini dit klubak, eta onartu egin dut. Erabaki erraza izan da... Taldearekin bidaiatuko dut, partiduetan izanen naiz...Trantsizioa leunagoa izanen da horrela, futbolarekin eta jokalariekin harremanetan segituko dut.
Etorkizunean non ikusten duzu zeure burua?
Nork daki! Ez dut inongo helbururik, baina beldurrik eta loturarik ere ez. Aukera aprobetxatzea gustatzen zait.
Zerbait gehiago erran nahi duzu?
Familiari, Elizondoko kuadrillari eta ibilbide honetan nire ondoan egon diren guziei, eskerrak eman nahi dizkiet. Haiek gabe ezinezkoa izanen bailitzateke bizitutakoa bizitzea.
Labur-labur
|

