Bestak 2025

[ARGAZKIAK] Asteburu bikainaren ondotik azken txanpa dute Elizondoko bestek

Ttipi-Ttapa 2025eko uztailaren 28a

Joan den ortzegun eguerdian Ekhi Olondriz MitxeltorenaK, 11 urteko mutikoak, piztutako suziriarekin abiatu ziren Elizondoko bestak eta, asteburu bikainaren ondotik, gaur, astelehena, dute hondarreko eguna. Txupinazoaren aitzinetik, Elizondoko herriak Palestinako herria gogoan izan zuen. Baina txupinazo ofizialaz gain, bertze bi ere izan zirela erra daiteke, Elizondoko Benito Menni zentroko bi lagun eta Francisco Joaquin Iriarte zahar etxeko langileak ere bertan izan baitziren.

 

Santiago egun handiari dagokionez, 32 lagunek dantzatu zituzten Mutildantzak eta erraldoiek ere beraien dantzak egin zituzten, bertze hainbat ekitaldiren artean. Larunbata Elizondoko konpartsaren eta kuadrillen eguna izan zen. 400 bat lagun bildu ziren Kuarteleko Zelaian egindako bazkarian. Igandean, aitatxi-amatxien eguna ospatu zuten Elizondoko Recreo musika bandak kontzertu berezia eman zuen, Elizondoko Gaitarien eta Baztango Txistularien laguntzarekin. Azken lau urteotan musika bandako zuzendari izan den Pello Etxebeste Zayasek aginte-makila Esteban Velasco Bernali pasa zion. Bankako Menditarrak taldeko abeslari etra musikariek, berriz, Zahar Etxean eskaini zuten beraien emanaldia eta Falfarak elkarteak antolatutako mus txapelketaren hamahirugarren edizioan 122 gaztek hartu zuten parte. Plazako bertso saioan Saioa Alkaiza, Amets Arzallus, Maddalen Arzallus eta Julen Zelaieta aritu ziren kantari, Xabi Maiaren aginduetara. Argazkiak: Juan Mari Ondikol eta Xabier Urresti

 

Gaur hondarreko eguna

Astelehena euripean igarotzen ari dira Elizondoko bestetako hondar egunean, Herriaren Egunean. Eguerdian zikiro-jatea izanen dute eta ondotik, pilotalekutik abiatuta, Elutxa txarangarekin poteoa. 18:00etan Hauspolariek plazan. 21:00etan mutil dantzak eta dantza herrikoiak herriko plazan. Gauerdian, Gizajoa Ni eta Elutxa txarangarekin potea plazatik abiatuta. Ondotik, DJ Piek plazan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun