Baztan pilotalekuak Juanjo Atxa Mindegia pilotalekua izena hartu du

Ttipi-Ttapa 2025eko uztailaren 28a

Juanjo Atxa Mindegiari omenaldia egin zioten larunbatean, Elizondoko bestetako pilota partiduen ondotik, eta Baztan pilotalekua izenez ezaguna den pilotalekua Juanjo Atxa Mindegia pilotalekua izatera pasatu dela iragarri zuten. Argazkiak: Juan Mari Ondikol

Txaruta Pilota Elkarteak egindako proposamena kontuan hartuta, Baztango Udalak Elizondon dagoen pilotalekuari Juanjo Atxa Mindegia pilotalekua izena paratzea onartu du eta horren berri eman zuten larunbatean. Larunbatean, Txaruta Pilota Elkarteak antolatutako Elizondoko bestetako bi pilota partiduen artean, Juanjo Atxa Mindegiari omenaldi ttikia egin zioten eta pilotalekuaren izen aldaketarena iragarri zuten.

Juanjo Atxa Mindegiak duela 48 urte, 1977an sortu zuen Baztango pilota eskola. Bi urte lehenago ireki zuten larunbata arte Baztan pilotalekua zena.  Juanjo Atxa Mindegia almandoztarra da sortzez, baina Itziar Aranbur Zigandarekin ezkondu zenean joan ziren Elizondora bizitzera. Bertan sortu ziren Iñaki eta Lorea seme-alabak eta orain hiru biloba ere baditu, Aiane, Oier eta Oihan. Guztiak izan ziren larunbateko ekitaldian. Erretiratu bitartean Baztan Ikastolako irakasle izan zen Juanjo Atxa.

Jaialdiko bi partiden artean, lehengo eta oraingo Txarutako pilotariek egindako pasillotik sartu zen kantxara Juanjo Atxa Mindegia eta Baztango Balleko Etxeak, Elizondoko herriak, Txaruta pilota eskolak, Nafarroako Pilota Federazioak, Euskal Herriko Pilota Federazioak eta familiak emandako opariak hartu zituen. Julio Sotok bertsoa abestu zion eta Aiora Arraztoak (Txarutako pilotariak) eta Kristobal Zelaietak aurreskua dantzatu zioten, Mikel Alzate, Jokin Ripa eta Aitor Ripa txistularien doinupean (bi lehenbizikoak Txarutako pilotariak).

 

Emoziorik gabeko pilota jaialdia

Emozio handiko omenaldi hunkigarria izan zen, baina, bertzela, pilota jaialdiak ez zuen aparteko emoziorik izan.  Lehenbiziko partidan, Masters CaixaBank B seriekoan, Dariok eta Eskirozek 22-6 irabazi zieten Peio Etxeberriaren ordez aritu zen Muruari eta Morgaetxeberriari. Partida nagusian, A seriekoan, oraindik alde handiagoa izan zen eta Javier Zabalaren ordez aritu zen Peio Etxeberriak eta Jon Mariezkurrenak 22-4 irabazi zieten Joseba Ezkurdiari eta Iztuetari.

 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun