Oronozko Lanbide Heziketako zentro berriaren lizitazioa baimendu du Nafarroako Gobernuak

Ttipi-Ttapa 2025eko uztailaren 24a

Oronozko Lanbide Heziketa zentroaren irudikapena.

Nafarroako Gobernuak, asteazkeneko bilkuran, baimena eman dio Hezkuntza Departamentuari Oronozko lanbide heziketako zentro berria eraikitzeko obren kontratua egiteko, urte anitzeko 24.771.396,99 euroko gehieneko gastuarekin. Lehenengoan hutsik gelditu ondotik, bigarren aldia da Hezkuntza Departamentuak LHko ikastetxe berria eraikitzeko obrak lizitatuko dituela: Ikastetxe berriak Baztan, Malerreka eta Bortzirietako bailaretan eskainiko ditu prestakuntza zerbitzuak, 2024ko martxoaren 26an obrak kontratatzeko espedientea hutsik utzi behar izan baitzuen enpresa bakar bat ere ez baitzen aurkeztu obren lizitaziora. 

Gehieneko gastua 24.771.396 eurokoa izanen da, obrak 2026. urtearen hasieran hasiko dira eta bi urte eta erdiko epea aurreikusten da akitzeko

Proiektua hutsik gelditu ondotik, Hezkuntza Departamentuak azterketa prozesu bati ekin zion berehala inguruko hezkuntza, erakunde eta sozioekonomia eragileekin, proiektua birbideratzeko. 2025eko apirilaren 3an, Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak eta Laura Aznal EH Bilduko Legebiltzarreko bozeramaileak Oronozko LHko zentroa eraikitzeko akordioa sinatu zuten.

Zentroaren prestakuntza eskaintza adostuta gelditu zen, eta zentro berriaren finantzaketa bermatuta, Nafarroako Gobernuaren aurrekontu lehentasunen barrenean. Hezkuntza Departamentuak 1.770 eurotik 2.100 eurora igo du metro koadroko kostua lizitazio berrian.

Prezioen igoera horretan oinarrituta, Nafarroako Gobernuak baimena eman dio Hezkuntza Departamentuari urte anitzeko gastu konpromisoa hartzeko, LHko ikastetxe berria eraikitzeko, 24.771.396,99 euroko gehieneko gastuarekin. Zenbateko horretatik, 3.386.070 euro 2026ko aurrekontuetan izanen dira; 8.760.948 euro, 2027ko aurrekontuetan; eta 12.624.378 euro, 2028ko aurrekontuetan.

Hezkuntza Departamentuak joan den uztailaren 3an jaso zuen Peralta Ayesa SLP enpresak idatzitako eraikuntza lanak gauzatzeko proiektua. Departamentuko Azpiegitura Zerbitzuak obrak 2026. urtearen hasieran abian jartzea aurreikusi du, 30 hilabeteko epearekin; beraz, baliteke 2028ko udan akituta egotea. Eta, ondorioz, eraikin berria 2028-2029 ikasturtearen hasierarako okupa liteke.

Zentro berriaren prestakuntza eskaintza

LHko ikastetxe integratu berriaren prestakuntza eskaintza Nafarroako iparraldeko haranetako hezkuntza komunitatearekin eta inguruko toki entitateekin adostu da. Lanbide Heziketa Bereziko ziklo bat (Ostatu eta Garbiketako laguntzailea), Oinarrizko LHko bi ziklo (Bulegoko Informatika eta Elementu Metalikoen Fabrikazioa), Erdi Mailako bortz ziklo (Administrazio Kudeaketa, Mantentze Elektromekanikoa, Erizaintzako Zaintza Osagarriak, Mekanizazioa eta Ekoizpen Agroekologikoa) eta Goi Mailako lau ziklo (Administrazioa eta Finantzak, Industria Mekatronika, Gizarteratzea eta Zuzendaritzari Laguntza) osatuko ditu.

Goizez emanen dituzte ahal diren gradu guztiak, espazioen erabilgarritasunaren eta matrikulatutako ikasle kopuruaren arabera. Heziketa ziklo bakoitzaren beharrak eta horietako bakoitzaren araudi aplikagarria aztertu ondotik, eta hezkuntza eskaintza berrira egokitutako proiektu bat beharrezkoa denez, eraiki beharreko espazioen programa egin da, guztira 7.400 metro koadro inguruko azalera eraikia hartzen duena. 

Ingurune naturaleko eta aisialdiko erdi mailako gidariaren prestakuntza zikloa Lekaroz BHIn eskainiko da eta, horretarako, behar diren egokitzapen guztiak eginen dituzte, esku-hartzeak zentro berria abian jartzen den unera egokituz. Basogintzako eta Natura Inguruneko kudeaketako goi mailako graduari dagokionez, Nekazaritza ekologikoko erdi mailako prestakuntza zikloaren lehen promozioa akitu ondotik ezarriko da, eskualdeko hezkuntza, lan eta gizarte beharrek hala justifikatzen badute. 

Oronozko LHko zentro integratu berriak prestakuntza eskaintzaren plangintza hobetzen lagunduko du, bai eta konfigurazio demografikoa berezia duen eremu baten premiei erantzuten eta lurralde zabal batean barreiatuta dauden biztanle gune txikiak egoteari ere, komunikazioa zailtzen dutenak eta ikasleak oraingo hiru zentroetara (Bera, Elizondo, Oronoz) lekualdatzen dituztenak. Kokaleku horietan, gaur egun, LHko eskaintza sakabanatuta dago, eta horrek zaildu egiten du plangintza hobetzea, eta plangintza hori, aldi berean, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskaintzarekin osatzen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun