Ordokiko Zalditegia, «hipika eskola ttiki bat» dela azaldu du Reynaldo Armendarizek, zalditegiko arduradunak . «Eta horrez gain, turismoari eta bertakoei bideratutako ateraldiak eta paseoak eskaintzen ditugu». Gainera, bertzelako jardueretan ere parte hartzen dute: «Hezkuntza alorrean sartuta gaude, Elizondoko Lanbide Eskolako kirol gradukoekin harremana izan ohi dugulako ikasturte osoan zehar. Eta orain berriki, adibidez, gure zaldiak Irungo Alardera eraman ditugu bertan parte hartzeko».
Hala ere, guztiaren aitzinetik beraiendako garrantzitsuena «zaldien ongizatea» bermatzea dela argi utzi du. «Zaldiak ia beti kanpoan edukitzen ditugu, ahal den neurrian askatasunean bizi daitezen eta aske sentitu daitezen». Etorkizunera begira, lehiaketa mundua hurbilagotik bizitu nahi dutela aipatu du: «Nafarroa mailako lehiaketak egin izan dira hemen gure zalditegian, baina etorkizunera begira nazioarte mailako lehiaketaren bat gure instalazioan egitea gustatuko litzaiguke».