Literaturan ibilbide luze eta emankorra osatua du Hasier Larretxea Gortari idazle arraioztarrak. Madril du bizileku azken hemeretzi urteetan, nahiz eta Baztan eta bertan bizitakoak diren bere literatur lan aunitzen muina eta sorlekua. Iazko udazkenean argitaratutako Idaztea gibelera zenbatzen ikastea da bere azken lana, iraganeko eta oraingo narrazioak eta minak biltzen dituen liburu «hibridoa». Herriaz, homosexualitateaz, iraganeko minez, liburua idazteko prozesuaz, eta berriki antolatzen hasi berri den literatur tailerrei buruz solastatu da Larretxea TTIPI-TTAPArekin sorterrian.
Arraiozen elkartu gara. Zer da zuretzat Arraioz?
Sorlekua izateaz gain, haurtzaro alaiaren kokalekua eta inspirazio iturria da. Haurrak ginelarik, aske ibiltzen ginen, edozein landa eremuko haur bezala. Garai hartan ez genuen frontoirik eta elizako aterpean aritzen ginen futbolean. Hor hasi zen talka pixka bat: ni beti izan naiz mutiko gizena, eta horrek eraman ninduen kiroletan aritzeko sutsutasunik ez izatera. Aldi berean, iluntasuna ere besarkatu nuen toki bat izan zen nerabezaroan deskubritu nuenean homosexuala nintzela.
Zergatik?
Hemen ohartu nintzen ez nuela heldulekurik, ez nuela erreferenterik. Arraioz izan zen leku bat zeinetan argitasunetik, haurtzaroko inozentzia horretatik, igaro nintzen galduta egotera, eta nire baitako deskubrimenduak egin behar izatera nire logelako hertsitasun horretatik. Orduan hasi zen ama babesten, eta funtsezkoa izan zen. Dirua ematen zidan eta autobusa hartu eta Iruñera joaten nintzen. Hemen hedatu zen nire ikusmira, sinbologia, gero literaturan landu izan dudana, eta nik hemen aurkitu dut pertsona bezala egin nauen mamia, gero ere eraldatzen joan naizena.
Azken urteetan Madrilen zabiltza.
Zerotik hasteko espazioa da Madril. Norabiderik ez nuen garai batean eta kanporantz bizi nintzen garai batean nire baitakora murgiltzekoa. Bizitzak eraman ninduen bertara, eta ikasketa bat izan zen. Egin nuen jauzi aski toki desberdinera eta arrotzera. Horrek eman zidan aukera zerotik hasteko eta nire baitakoetan sakontzeko. Ni hemen bertze pertsona bat nintzen, ingurunearengatik, eta nire baitan aurkitzen ez nituen erremintak ezin nituelako agerrarazi eta landu. Madrilek eman dit aukera nire baitako deskubrimenduak egiteaz gain, mundu oso bat deskubritzeko. Nik hemen kateamendu pertsonala bizi nuen, ez dakit genealogiaren pisua den, edo zerbait transbertsala den… Baina Madrilera joan eta hilabete guttitan zerbait idatzi eta argitaratu nuen.
«Nerabezaroan idazketa zen nirekin hitz egiteko tresna»
Madrilera joan aitzinetik, Iruñean ere hartu zenuen babesleku. Iruñeak eraman zintuen idaztera?
Iruñea arnasgune izan zen Madril baino lehen. Unibertsitatea, Euskalerria irratiaren eta EHGAM kolektiboaren bueltan… Garai horretan sortu zen Iñaki Lareorekin konexioa. Berak eskualdean eratu zuen LGTBI kolektiboa, 90. Hamarkadaren amaieran, eta izan ziren garaiak LGTBI aktibismoan aritu nintzenak. Kanpora begira bizi nintzen aunitz eta egia da deserosoak izan gintezkeela, jendea ez zegoelako ohitua euskalduntasunetik, ezkerretik, maritxuak ere bageundela ikustera. Gaur egun normalizatua dago, eta orain 19 urteren ondotik, hori ikusita gozatzen dut.
'Idaztea gibelera zenbatzen ikastea da'. Hori duzu azken liburua, iazko udazkenean argitaratua. Nola oroitzen duzu idazteko prozesua?
Intentsoa izan zen. Testu autobiografikoak idatziak nituen eta pandemia garaian zenbait korapilo braust etorri zitzaizkidan, bat-batean. Iñaki Lareorekin izan nuen harremana. Doneztebekoa zen eta garai horretarako aski aurreratua zen. Gonarekin ateratzen zen eta aktibismoa egin zuen bakegintzatik. Osasun arazoengatik zendu zen, eta etorri zitzaidan horrelako kulpa katoliko edo nostalgia bat, eta haren inguruan idazten hasi nintzen. Orduan ohartu nintzen zeinen presente nuen iragana eta Madrilen garai batean aitzinera egiteko uko egin nion iragan hori besarkatzen jarraitzen nenbilela.
Iragana ukatzen ari zinen?
Madrilen bizitzan eta literaturan aitzinera egiteko, alde batera utzi behar izan ditut elementu, pertsona eta bizipen batzuk. Bertze Asier harekin konektatzeko ariketa bat izan da, Asier hura aldarrikatzekoa. Arraiozko Asier harekin topo egin eta pandemia garaian hasi ziren liburuko testu dietaristikoak ateratzen. Ez nuke iraganeko bizipenetan erori nahi, eta horregatik liburuan presente daude Madrilgo etxe aldaketak, literaturaren inguruko gogoetak… Eleberri kanonikoetara ohituta daudenentzako beharbada ez da liburu erraza izanen. Ez du konplexutasun lirikorik, baina egia da, hibridoa dela.
Izenburuak berak dio, gibelera begirako bat egin duzu liburuan. Kostatu zaizu gibelera begiratzea? Mina eragin dizu?
Bai, bai. Batez ere Iñaki Lareoekin konektatzen ninduen testuinguru horretatik abiatuta. Larremotzetik liburuaren alde argitsua da, saiatu naiz argia sartzen. Nik minetik idazten dut, eta ez nuke konprenituko literatura minetik ez balitz. Nire kasuan idaztea ez balego nire bizitzan ez nintzateke pertsona hau izanen, eta seguru ez nuke prozesu hau eginen. Ni sortu nintzenean etxean ez zegoen libururik. Batzuek erreferenteak dituzte eta nik alderdi afektibo sexualean eta kulturalean egin behar izan ditut nire bilaketak. Horri esker ere, eta nerabe nintzenean, nire ezaugarriengatik, eta kostatzen zitzaidalako komunikazioa kausitzea, idazketa izan da nirekin hitz egiteko tresna, eta bertze modu batean atera ezin nituenak ateratzekoa.
Eta zer eman dizu liburuak?
Bakea. Bertze liburu batzuek irakurleendako eta niretako ere hainbat sentsazio garratz eta gordin sortzen ahal zituzten. Baina artean ere sortzen dugun elementu bakoitza denbora bati atxiki zaio, eta denbora horrekiko testuinguru eta irrika edo egoerei. Euskaraz idatzitako liburuen artean mezurik ederrenak jaso ditut, bide eta profil desberdinetakoen artean. Euskal kulturan, eta medioetan beti sentitu dut berotasun handia, eta eskertzen dut. Iragan batean ortodoxoa izan nintzen: Madrilen bizi naiz, gaztelaniaz ere idazten dut… Garai batzuetan izan nintekeen deserosoa batzuendako, baina hautu artistiko gisa egiten dut. Seinalatzen duen artea interesatzen zait, dena mengela denean, edo arina, ez zait iristen, ez ditu barneak mugitzen. Liburu hau argitsua da, iragana besarkatzen du, izan nintzena. Epizentroan jartzen ditu landa eremuko guraso eta familia horiek, jakin izan ez dutenak nola kudeatu familiako kide bat LGTBI komunitateko kidea zela, baina ahal dutena egin dutena. Aitaren kasuan, sinbolizatzen duenagatik, errekonozimendu eta eskertza bat da.
«Seinalatzen duen artea interesatzen zait»
Bidea egin duzue familian.
Zorionez literatura lanei esker egin ditugu emanaldi performatiboak, eta horri esker egon gara furgoneta batean denak solasean, eta iragan batean solastatu ez genituen gauza horiei buruz solastatzeko aukera izan dugu, gurasoek beti baiezkoa eman didatelako emanaldiak egiteko. Gauza politak atera izan dira.
Badira hainbat gai behin eta berriz errepikatzen direnak liburuan: homosexualitatea, erlijioa, bazterkeria, loditasuna…Zure bizitza ardaztu dute elementu horiek?
Aunitz. Loditasuna zentroan jarri nahi nuen, LGTBI kolektiboaren barrenean sentitzen dudalako bazterketa ere alderdi horretatik, gorputz hegemonikoen aldare horretatik. Nik ttikitatik sentitu dut deserosotasuna. Erlijioaren aldetik, nahiz eta ni akolito izan nintzen garaian pozik ibiltzen nintzen, gero iruditeria hori presente nuen. Inguruneko solasak, mespretxuak… Ohikoa zen marikoia hitza aditzea, marikoia erabiltzen zen aski gizona ez zen bati zuzentzeko. Eta hori hor zegoen. Haurra zarenean, larruan atxikitzen zaizkizun mantrak dira. Nik badakit orain belaunaldiek aitzinera egin ahala hainbat kontu zaintzen dituztela gurasoek, baina lehen… Azkenean sentitzen duzu guztiaren kontra zabiltzala, eta haurra zarenean, edo nerabea, ez dituzu erreminta horiek, eta ez da erraza gisa honetako prozesua egitea. Orain, prozesu hau egin ez duten pertsonen inguruko zerbait egitea dut burutan.
Arraiozko eskolan izan zara liburuari buruz solastatzen.
Niretzat aski hunkigarria izan zen, zirkularra. Bide bat ixtea, haurtzaroko Asier hura —H-rik gabeko Asier, beti erraten dut brometan— besarkatzea, eta Asier hari erratea: «Ez da deus ere pasatzen, bide zailek ere deskubrimendu zirraragarriak ematen dituzte». Haurren erantzuna ere aski polita izan zen. Liburu hau gaztelaniaz Gerardo Markuletak itzuli du, eta udazkenean aterako da, eta badut sentsazioa, Madrilen bizi naizenez eta hango literatur sistema ezagutzen dudanez, han ere bide polita eginen duela.
«Liburuak madrilen bide polita eginen duela uste dut»
Gizarte langile bezala aritu zara urte aunitzez. Baina bizitza aldaketa egin berri duzu.
Bai, lur jotze baten ondotik. Hamabortz urte dira osasun mentalean gizarte hezitzaile eta gizarte langile aritu naizela. Atentzioa zuzena zen, biziki ederra, etxebizitzetan. Baina azkeneko urteetan nabaritzen nuen emozionalki erredura bat, eta azkenean zorionez, hartu nuen erabakia uztekoa eta zerotik hastekoa. Osasun mentalean lanean gehien gozatzen nuen ariketa, egiten nuen literatura tailerra zen. Hori abiapuntu hartuta hainbat literatura tailer diseinatu ditut eta horien artean bada bat Sendatzen duten hitzak izenekoa. Nire helburua da musika eta idazketa ariketen bitartez, pertsonek haien baitako introspekzio ariketa bat egiteko bidea luzatzea.
Tailerrak ematen ari zara dagoeneko. Nola doaz?
Ari naiz Nafarroako Gobernuko Memoria eta Elkarbizitza departamentuarekin elkarlanean. Txundituta nago Nafarroan dagoen publikotasunarekin eta liburutegien sarearekin. Deus ere ez da kasuala. Orain hamabortzero heldu naiz. Txantrean hasi naiz esperientzia aski politarekin. Sei saio dira eta ohartu naiz 3. eta 4. tailerretan nola hasi den askatzen jendea. Hitzek sekulako boterea dute.
Maiatzean Donezteben egin zenuen 'Hitzak sendabelar gisa' izeneko tailerra. Nola aurkeztuko zenuke?
Bi orduko tailerra da, euskarazko egile eta musikan barna, eta natura, introspekzioa ere baditu. Erronka bat izan zen, eta ez nintzen poz-pozik atera. Jendea etorri zen ni aditzera, ez zuten burutan beraiek idaztea. Hala ere, polita izan zen, hurrengo egunean topo egin nuelako pare bat parte hartzailerekin eta klabe interesgarri eman zizkidatelako: hemen denak ezagutzen dutela elkar eta introspekzioa egiteko pausua ematea ez dela erraza. Bi lagun horiek aipatu zidaten oihartzun batzuk sentitu zituztela tailerra egin eta gero. Sinergiak badaude eskualdean, arlo horretan dinamikak egiteko euskaraz.
Lan berri batekin ari zara orain, familiako historia batetik abiatuta. Zer aurreratzen ahal diguzu?
Hamabortz urtez osasun mentala lantzen duen lanean ibili ondotik, ez nekien norantz eman hurrengo pausoa. Proiektu hori hasi nuen, eta bidali dut beka batera. Egia da proiektua oraintxe gelditua dudala, tartean bertze eleberri bat sartu zaidalako. Gainera, euskaraz aterako dut poesia liburu bat udazkenean Sua itzaltzen bada izenarekin. Ilusio handia egiten dit orain arte argitaratu gabeko argitaletxe batekin eginen dudalako. Liburu honetan itzulera bat egin dut. Solastatu garen elementuak presente daude, nahiz eta homosexualitatea ez landu: haurtzaroa, sinbologia, erritualak… Eskertze eta besarkatze bat da izan dudan haurtzaroari, familiari, eta unibertso honi. Ahozkotasunetik bildutako memoria familiar hori gurtzea da nolabait.
«Erlazio aski organikoa dut bizitzarekin eta literaturarekin»
Zure ibilbidean literatura genero bat baino gehiago landu izan dituzu. Nola aukeratzen duzu generoa, edo noiz jakiten duzu zer den sortzen ari zarena?
Utzi behar diozu zeure buruari bidea bat egiten eta proiektuak forma hartzen. Dokumentaziotik, kazetaritzatik hasten zara batzuetan eta gero fikziora eramaten duzu ikusten duzulako ez diozula heldulekurik kausitzen edo muga batzuk dituzula. Nik aunitzetan klik bat bezala sentitzen dut. Duela egun gutti hasi naiz testu berri batzuk idazten ama epizentroan dela, gogoeta batzuk egin ditut horren inguruan, emakumeak eta landa eremuaren inguruan. Nire kasuan aski erlazio organikoa dut bizitzarekin eta literaturarekin.
Euskaraz eta gaztelaniaz ontzen dituzu lanak. Zerk eramaten zaitu une bakoitzean hizkuntza aukeratzera?
Denborarekin ohartu naiz euskaraz adierazi ezin nituenak gaztelaniaz adierazten ditudala. Garai batean, egia da, euskaraz poesian idazten nituenak ez zirela hain familiarrak, beharbada sinbolikoagoak eta kriptikoagoak ziren. Gaztelaniaz ohartu naiz familiari buruz idazteko erraztasun handiagoa dudala. Urruntasun bat dago, ez da ama hizkuntza.
Landa eremuko literaturari buruzko jardunaldi baten biharamunean elkartu gara. Nola ikusten duzu landa eremuko literatura?
Heldu naiz esperientzia desberdinak eta aski jende interesgarriekin hartu emanak izatetik. Beti izan da naturaren inguruko literatura, eta maite dut hori eta badaude klabe aski interesgarriak. Landa eremuak badu izugarrizko ekarpen edo aberastasun bat eta lantzeko potentzial handia dago.