‘Izarren Bidea’ programako esperientzia gastro-astronomikoa Amaiurrera ere ailegatuko da

Ttipi-Ttapa 2025ko uzt. 17a, 10:00

Ana Rivas, Kulturako zuzendari nagusia eta NICDO enpresa publikoko ordezkaria, Izarren Bidea programaren kartelarekin.

Nafarroako Turismo Zuzendaritza Nagusiak, Iruñeko Planetarioarekin eta NICDO sozietate publikoarekin lankidetzan, Izarren bidea-Camino de las Estrellas aurkeztu du; hau da, astronomia ibilbide gidatuekin, dastatze enogastronomikoekin eta zuzeneko musikarekin konbinatzen duen ekimena, esperientzia paregabea eskaintzeko. Nafarroa osoan uztailaren 27tik urriaren 25era eginen diren hamar esperientzia proposatu dituzte, horietako bat Amaiurren. Zehazki, irailaren 2an, Amaiurko Gaztelua ezagutu bidenabar, bere historiari eta ondare arkitektonikoari buruzko solasaldia, dastaketa gastronomikoa eta behaketa astronomikoa izanen dituzte.

Lau hilabeteko esperientziak eta gaueko zeruaren behaketa

Programa hau inauguratuko duen esperientzia uztailaren 27an izanen da, Iratxeko monasterioan. Abuztuaren 2an Orreaga eta Ibañetako gainaren txanda izanen da; abuztuaren 4an Aralarko santutegian; abuztuaren 28an Cortesko gazteluan; irailaren 2an, aipatu bezala, Amaiurko gazteluan; irailaren 19an Leireko monasterioan; irailaren 27an Irunberriko arroilan; urriaren 4an Garesen eta urriaren 25ean Tiebasko gazteluan.

Jarduera hauetaz gozatzeko prezioak 15 eta 35 euro bitartekoak dira eta 50 eta 100 pertsona bitartean inskribatu ahal izanen dira, kokapenaren arabera. Txartelak Nafarroako Gobernuaren turismo webgunean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun