Txokoto Tabernak liburu mikroazokaren laugarren edizioa eginen du abuztuaren 3an, 25 argitaletxe, liburu denda eta kolektiboren parte hartzearekin. 10:00etan irekiko ditu ateak eta 20:00ak artio iraunen du. Horrez gain, aitzineko egunean, larunbatean, 20:00etan Bestia Bebe talde argentinarrak kontzertua eskainiko du tabernako terrazan.
Aurten, azokarako, irudimenaren ideia hartu dute oinarri «gure errealitatea modu desiragarriagoan» irudikatzeko nahiarekin. Horrela, ideia horren bidetik, Juan Angel Perotxenak aurkeztu du mikroazokako kartela, haur bat bere imajinazioari bide askea uzten ari dela irudikatzen duena. Irudimenak «inguruarekin konektatuta mantentzeko» eta «derrotismoan ez erortzeko» balio dezakeela argi utzi dute azokako antolatzaileek: «Kaosa eta ezegonkortasuna nagusi diren garai honetan, gizarte eta ingurumen arazoen eta baita gatazka pertsonalen aitzinean ere, irudimenera jotzeak eta gaurkotasuna diferente proiektatzeak, etorkizunarekin konprometitzen den orainaldia bizitzea eragiten du».
Jardunaldiak
Bertzalde, liburu postuez gain, egun osoan hiru jardunaldi izanen dira taberna barnean. 11:00etan Nombres que recorren el tiempo liburuaz mintzatuko dira Amaia Kwashe ta Aitor Garjon eta 1936 eta 1948 urteen artean Nafarroan emakumeek sufritutako errepresioa izanen dute solasgai. 12:30ean Yolanda Arrieta idazleak Etxe bat norberarena liburua aurkeztuko du, «espazio sortzailearen inguruan hausnartzen duen saiakera poetikoa». Azkenik, 18:00etan Ramon Andresek bere poema propioen errezitaldia eginen du paisaiaren eta pentsamenduen gelditasunera gonbidatzeko asmoz.