Nafarroako Gobernuaren Eskubide Sozialetako Departamentuak errenta bermatua ebazteko legezko epea hiru hilabetetik sei hilabetera luzatu du eta barne antolaketaren arrazoiarekin justifikatu du erabakia. Horren aitzinean, Baztango Gizarte Zerbitzuak Ipar-Mendebaldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuekin batera erabakia «bidegabea» eta «onartezina» dela salatu du: «Aldaketa horrek zuzenean urratzen du gure gizartean egoera ahulenean dauden pertsonek bizirik irauteko duten oinarrizko eskubidea».
Gainera, moldaketa honek «egoera zaurgarrian dauden ehunka familia» kaltetuko dituela azaleratu du eta orain arteko hiru hilabeteko legea «arbitrarioki» bikoiztu egin dela kexatu da. «Prestazio horien ebazpena atzeratzeak inolako babesik gabe uzten die elikadura, etxebizitzaren ordainketa edo oinarrizko hornidurak bezalako oinarrizko premiak asetzeko diru sarrera nahikorik ez dituztenei». Eta horren ondorioz, «tokiko baliabideen iraunkortasuna arriskuan» geldituko zela gaineratu du.
Egoeraren «larritasuna» kontuan hartuz, Ipar-Mendebaldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek, Baztangoak barne, errenta bermatua ebazteko epe luzapenaren erabakia baliogabetzea eta isiltasun positiboarekin hiru hilabeteko legezko epera itzultzea eskatu dute. Bertzalde, Nafarroako Gobernuaren Eskubide Sozialetako Departamentuan administrazioa indartzeko neurriak hartzea ere eskatu du, horrela, lehen mailako arreta jaso beharrekoek ondorioak ez pairatu behar izateko helburuarekin. «Eskubide sozialak ezin dira administrazioaren moteltasunaren menpe egon. Duintasunak ez du itxaronaldirik onartzen».