Ortzirale honetan ailegatuko dira haur sahararrak eta ongi etorria emanen die Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2025eko uztailaren 14a

Iaz haur sahararrei Elizondon egin zitzaien harrera. Argazkia: Artxibotik

Zenbait oztoporengatik bi asteko atzerapena eduki ondotik ortzirale honetan ailegatuko dira Saharaztan elkartearen bidez haur sahararrak eskualdeko hainbat familien etxetara. Horren harira, Baztango Udalak ongi etorria emanen die uztailaren 22an.

Lehenagotik finkatutako haur sahararren iritsiera datak «afera burokratikoengatik» bete ezin izan direla argudiatu du Saharaztanek, saharar herriaren aldeko elkartasun elkarteak. Iritsiera data hori gibelatu izanak hango eta hemengo haur zein familietan «aztoramendua», «atsekabea», «ez jakintasuna», «inpotentzia», «tristura» eta «haserrea» eragin dituela agerian utzi du.

Hala ere, izandako arazo horiek alde batera utzita, behin haurrak hemen egonda «elikadura eta osasun arreta aberastuko» zaizkiela ziurtatu du elkarteak. Horrez gain, aisialdiari lotutako ekintzak izanen dituztela ere aipatu du eta hemen egonen diren bi hilabete hauetan harrera instituzionalak ere izanen dituztela erran du. Horren harira, Baztango Udalak ongi etorria emanen die uztailaren 22an 11:30ean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun