Ongizate soziala bermatu nahian, parte hartze komunitariorako osasun buzoiak paratuko dituzte Baztanen, Urdazubin eta Zugarramurdin

Ttipi-Ttapa 2025ko uzt. 11a, 16:30

Elizondoko Osasun Etxea

Uztailaren 14tik irailaren 19ra bitarte jendeak osasunarekin lotura duten kezkak edota beharrak azaleratzeko buzoi gisako kutxak jarriko dituzte Baztango, Urdazubiko eta Zugarramurdiko osasun etxe zein kontsultategietan. Ondotik, kezka eta behar horiek aztertu eta sozialki lantzeko moduak aurkeztu ahal izateko.

Baztango, Urdazubiko eta Zugarramurdiko osasun esparruko langileek osasun buzoien ariketa planteatu dute hurrengo bi hilabetetarako. «Parte hartze komunitarioko ariketa bat egin nahi dugu biztanleriak bere osasun egoerari buruz dituen kezkak edota beharrak identifikatzeko». Horrela, informazioa bildu eta jendea laguntzeko helburuarekin jardunen dutela aipatu dute: «Informazio hau bildu eta aztertu eginen dugu, interes edo kezka gehien pizten duten gaiak zeintzuk diren identifikatu eta ondotik hauek lantzeko moduak bilatzeko: tailerrak, kontsultak, ikastaroak… horretara bideratuz adibidez».

Parte hartze komunitarioa

Osasun arloko langileek jendearen parte hartzean oinarritutako ariketa planteatu dute, parte hartze komunitarioa ongizate soziala bermatzeko ezinbertzeko tresna gisa identifikatzen dutelako: «Komunitatearen parte hartzea ezinbertzekoa da komunitatea bera indartzeko eta erabakiak modu horizontal batean hartu ahal izateko». Bertzalde, ariketa honen bitartez jendearen motibazioetara jotzea ere bilatzen dute, motibazioaren laguntzaz arazoen aitzinean planteatuko dituzten soluzioek hobeki funtzionatzeko: «Osasun langileok zenbait arazo identifikatzen ditugu, baina horiek ez badute komunitateak hautematen dituenarekin bat egiten, zaila izanen da gai hauek lantzerakoan erantzun egokia jasotzea, jendeak ez baitu interes aski izanen gaiarekiko». Azken finean, proiektuaren helburu nagusia osasun alorrean dauden «hutsune» edota «gabeziak» aztertzea eta «osasun egoera hobe baten bilaketa» abiatzea izanik.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!