Info gida 2025

«Haurrek eta gazteek lurrarekin duten harremana hurbildu nahi dugu»

Ttipi-Ttapa 2025eko uztailaren 9a

Iñaki Bengoetxea, Lurretik Ikasiz proiektua.

Duela bi urte paratu zuten martxan eskualdeko hainbat ekoizlek Lurretik Ikasiz proiektua. Martinea Baratzea, Maira okindegia, Jauregia esnekiak, Erlanki erlezaintza, Autxitxia eta Agorleku gaztandegiak eta Baztango Xurie dira antolatzaileak: «haurrek eta gazteek lurrarekin duten harremana hurbildu nahi dugu».

Pasa den urtean dirulaguntza bat lortuta, «eskoletan lantzeko unitate didaktikoak eta ekoizleen etxaldeetan bisita gidatuak» antolatu genituen. «Lehenengo urtean harrera nahiko ona izan genuen eta aurten pixka bat jaitsi da».

«Proiektua ez dugu unitate didaktikoa eta esplotaziora bisita planteatzen,  txango edo egun pasa bat bezala. Eskola barnean elikadura eta nekazaritza lantzen denean, ingurugiroa lantzen denean lanketa bat egin, material didaktikoa landu eta esplotaziora bisita batekin bukatu». Hala ere, eskolek bisita lekura  garraioan joateko dituzten zailtasun ekonomikoak ikusita, «elkarte bezala eratzea erabaki dugu, dirulaguntzaren bat lortzeko, eta eskolak laguntzeko».

Haurrekin eta gaztetxoekin lanketa egitea da proiektuaren funtsa, «jakin behar dute zer diren herri lurrak, jakin behar dute ingurua horrelakoa dela baten batek horretan lana egiten duelako. Ikusi behar dute horrelako proiektuak bideragarriak direla eta  nekazaritza  bertze aukera bat dela».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun