Atzo Elizondon, Fantxike ondoko plazan, Palestina, bere historia eta herrialdearen gaur egungo egoera izan zituzten solasbide Iñaki Alegriaren liburuaren aurkezpenari esker. Iñaki Alegriak Rashid Khalidi palestinar historialariaren erreferentziazko obra oinarritzat hartu eta euskarara ekarri du 100 urteko gerra Palestinaren aurka izenburuarekin.
«Palestinak bizi duen kolonizazioa aztertzeko eta hainbertze urtez etsitu gabe zutik den palestinar erresistentzia ulertzeko»
Obra hau «Palestinak bizi duen kolonizazioa aztertzeko eta hainbertze urtez etsitu gabe zutik den palestinar erresistentzia ulertzeko» tresna gisa balio du. Hala ere, gaiaren lanketa ezohiko moduan egiten du, garrantzi historiko handiko sei pasarteren bidez. Balfour adierazpenaren, NBEren zatiketarako erabakiaren eta Nakbaren, Sei Eguneko Gerraren, Libanoko Gerraren, Lehen Intifadaren eta Osloko Itunaren bidez, zehazki. Horrela, «uneko koiuntura entenditzea ahalbidetuz eta liburua oraino interesgarriagoa eginez».
«Zoritxarrez, gaiaren gaurkotasuna» dela eta, atzokoarekin, liburuaren hamabortz aurkezpen inguru egin ditu Alegriak. Atzoko egunean, «Fantxike ondoko plaza Palestinaz mintzatzeko plaza publiko bihurtu zen, eta hurbildutakoek gogotsu parte hartu zuten galderak eginez».