«Paisaia eta collage hitzek definituko lukete gure lana»

Ttipi-Ttapa 2025ko uzt. 6a, 10:00

Arizmendi eta Altxu liburuarekin eta gibeleko aldean Kepa Arizmendiren margolana. Argazkia: Garazi Larralde

Begiek zer, izanak erran haurrendako liburu ilustratua argitaratu eta aurkeztu dute Kattalin Arizmendi elizondoarrak eta Joanes Altxu oronoztarrak. Kattalin Arizmendik idatzi ditu ipuinak eta Joanes Altxuk egin ditu ilustrazioak.

Begiek zer, izanak erran sormen lana Kattalin Arizmendi elizondoarraren gradu amaierako lanetik hasi zela azaldu dute eta argitaratzeko pretentsiorik gabe hasi zutela ere aitortu dute: «Espektatibarik gabe hasi ginen eta ez genuen hau espero, baina arras kontent eta eskerturik gaude proiektuak izan duen harrerarekin». Kattalin hasi zen ipuinak idazten eta ondotik Joanes Altxu batu zitzaion ilustrazioak egitera. Horrela, elkarlanean ilustrazioek koloreztatzen duten ipuin poetikoz osatutako liburu bitxia sortu dute. Irakurleek «etxeko txikienekin momentu goxoak eraikitzeko» ilusioarekin.

Nondik eta nola hasi zen proiektu hau, Kattalin?

Zerbait kontatzeko nahia izan dut betidanik eta kasu honetan, gradu amaierako lanaren aitzakiarekin hasi nintzenez, zerbait kontatzeaz gain, zerbait erabilgarria egiteko nahia ere sentitu nuen. Beraz, hortik hasi zen Baztango mintzoa, ondarea eta paisaia uztartzen dituen proiektu hau, Baztandik Baztangoendako sortua dena. Azken finean, unibertsitatea gibelean gelditu baita eta hemen gelditu baikara orain, Baztanen, bertakoa den material batekin.

Nola antolatu duzue liburua?

Liburua hiru ipuinez osaturiko bilduma da eta ipuin bakoitza triptiko gisa irudikatu daiteke; erranairu batek hasten baitu, kontakizunak ematen baitio segida eta bertsoekin akitzen baita. Malen Alzuart, Alazne Untxalo eta Amaia Elizagoien bertsolari baztandarrek sortutako bertsoekin, zehazki. Horrez gain, ipuin bakoitza espazio batean kokatzen da eta espazio horrek garrantzia handia hartzen du, paisaia ezberdin bat eta horrek dakarren guztia islatu eta lantzen baitu. Gainera, ipuin poetikoak direnez eta ohiko ipuinen moldetik ateratzen direnez, leitzeko bertze modu bat proposatu diegu haurrei.

«Lurrak pribatuak edo bakoitzarenak izan daitezkeen arren, paisaia guztiona dela oroitarazi nahi izan dugu»

Zein gai lantzen dira?

Erran bezala, ipuin bakoitza espazio edota paisaia batean zentratzen da eta horietako bakoitzak gai bat lantzeko atea irekitzen du. Hiru paisaia horiek espazioa, oihana eta pentzea dira eta hortik abiatuta ingurua begiratzeko hainbat ikuspuntu, bakoitzaren ahotsaren garrantzia eta haur izatetik heldu izaterainoko loratze eta garatze prozesua lantzen dira. Gai horiek, beti ere, paisaiaren ideia dute abiapuntu, lurrak pribatuak edo bakoitzarenak izan daitezkeen arren, paisaia guztiona dela oroitarazi nahi izan dugulako.

Begiek zer, izanak erran izenburua, nondik heldu da?

Haurrendako liburu bat izanik, izenburu nahiko konplexua izan daiteke, baina izenburuak liburua bera nolakoa den islatzen du. Ipuin poetikoak dira eta horrek badu zerikusia izenburuaren izatearekin. Begiek zer zati horrek ikusten dugun paisaiari egiten dio erreferentzia eta horri segitzen dion izanak erran zatiak gaur egun ikusten dugun paisaia hori, izan garenak islatzen duela azaldu nahi du.

Nola izan da prozesua? Oztoporen batekin topatu zarete?

Prozesua nahiko arina izan da orokorrean. Sortzeko orduan ez dugu ia blokeorik eduki. Ez genuen klixerik sartu nahi eta hori dela eta, trabaren bat bai sumatu dugula, baina orokorrean, arina izan da prozesua. Sortzeko trebetasun faltagatik baino gehiago segurtasun faltagatik agertu dira zailtasunak, horrelako proiektu bat garatzen dugun lehenbiziko aldia izanik, ez jakintasunak edo esperientzia faltak irabazi baitigu une batzuetan.

«Herritik herriarendako sortu dugu lan hau»

Zein inspirazio eduki dituzue ipuinak sortzeko orduan?

Kepa Arizmendi eta Mariano Izeta baztandarrak izan dira batez ere inspirazio iturri. Kepa Arizmendiren hiru margolanetatik atera dira hiru paisaiak eta Mariano Izetaren ahozko literatura liburutik atera dira istorioak eraikitzeko hainbat ideia. Horrela, Baztango materialaz baliatuta Baztango bertze material bat sortu dugu.

Nola izan da ilustrazioak egitea, Joanes?

Aberasgarria izan da. Batez ere, niretako ezezaguna zen collage teknika esploratzeko aukera eduki dudalako eta gainera, emaitzarekin kontent gelditu naizelako. Ipuinak akonpainatzea izan da nire helburua, eta paisaia bakoitza irudikatzeri arreta paratu diot. Horrela, irakurleen imajinazioari bide bat eraiki nahi izan diot, irudikatu eta transmititu nahi dugunerantz doan bide bat.

Liburua haurrei bideratuta izanik, mugarik paratu diozue zeuen buruari?

Egia erran, ez. Lan hau helduei zuzenduta egonen balitz prozesuak bide bera segitu izanen lukeela uste dugu. Orokorrean, ez dugu geure burua batere zentsuratu. Nahiz eta haurrak publiko sentikorragoa kontsideratzen direla jakin, beraien ulermen gaitasunetan sinisten dugu. Ilustrazioen kasuan, adibidez, haurrak helduak bezain gai direlako irudiak entenditu eta interpretatzeko.

Liburua dagoeneko argitaratu eta aurkeztu duzue, eta hemendik aitzinerat zer?

Hemendik aitzinerat liburua bertako eta hemendik kanpoko hainbat dendatan eskuragarri egonen da, horien artean Kaxkamelonen, Altxuko dendan, Arizkungo estankoan eta Axularren. Eta guk gozatu dugun bezala, orain irakurleek gozatzea espero dugu. Bertzalde, Baztanen sortzaile mugimendu bat pizteko edo bultzatzeko ere inspirazio bezala balio izatea ongi legoke, guk egin dugun moduan bertako ondarea hartu eta herritik herriarendako lanak sortzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun