Baztango Udala ez da isilik gelditu Harrotasunaren Nazioarteko Egunean

Ttipi-Ttapa 2025eko uztailaren 1a

Ekainaren 28an Harro Baztanek 'Zer jan, halako Baztan' lelopean antolatutako elkarretaratzea Erratzun. Argazkia: Markel Adin

Ekainaren 28an Harrotasunaren Nazioarteko Eguna izan zen eta Baztango Udalak «sexu orientazio, genero identitate eta genero adierazpen oro errespetatuak izan daitezen» aldarrikatzeko mezua zabaldu du.

Denboran gibelera eginez, egun honen zergatia oroitarazi du eta aurten ere LGTBIAQ+ kolektiboaren eskubideen aldeko borrokara batzeko konpromisoa hartzen duela ziurtatu du Baztango Udalak: «1969ko ekainaren 28an, New Yorkeko Stonewall izeneko taberna batean, LGTBIAQ+ kolektiboko pertsonak poliziaren eta jendartearen jazarpen sistematikoaren kontra goratu ziren. Egun horrek mugarria ezarri zuen LGTBIAQ+ eskubideen aldeko borrokan. Ordutik, urtero, mundu guztiko herrialdeak batzen dira aniztasuna ospatu eta errespetuaren aldeko mezua zabaltzeko. Baztango Udala, erakunde publiko eta jendartearen kohesioaren aldeko agente gisa, bat dator aldarrikapen horiekin eta LGTBIAQ+ pertsonek gure gizartean duten tokia bermatzearekin».

« LGTBIAQ+ jendartearen zati handi batek ez du erasoen berri ematen, beldurragatik edo sistemaren erantzun faltagatik»

Bertzalde, bailaren dagoen errealitatea ikusarazi du eta egoera hori «normaltzat» hartu ezin dela oroitarazi du: «Aitortu behar dugu oraindik ere badaudela desberdinkeria eta bazterketa egoerak eta LGTBIAQ+ jendartearen zati handi batek ez duela erasoen berri ematen, beldurragatik edo sistemaren erantzun faltagatik». Honen aitzinean, erakundeek «ezinbertzeko rola» dutela azpimarratu du eta «diskriminazioaren edota indarkeria LGTBIAQ+fobikoaren prebentzioan, sentsibilizazioan eta arreta integralean jarduteko» tresna egokia direla argi utzi du udalak.

Konpromisoak

Horrela, baztandar guztiendako «bizitzeko leku seguru bat» bermatzeko honako konpromiso hauek beregain hartzen dituela aipatu du Baztango Udalak:

  • Aniztasunaren aldeko mezu publiko eta instituzionala zabaltzen segitzea, bazterkeria eta gorroto diskurtsoei aurre eginez.
  • Udal langileei eta zerbitzu publikoei prestakuntza eskaintzea, genero aniztasunaren eta sexu orientazioaren inguruko formakuntza integrala bermatzeko.
  • Erasoen kontrako protokoloak bulkatzea eta betearaztea.
  • Herriko talde eta elkarteekin elkarlana sustatzea, aniztasuna ikusgai bihurtzen duten kultur, arte edo sentsibilizazio ekintzak antolatuz edota babestuz.
  • Baztanen urte osoan zehar aniztasuna ospatzeko dinamika iraunkorrak bulkatzea, Harrotasunaren Eguna egun isolatu bat baino aunitz gehiago bihurtuz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun