Gotzone Butronek eta Aitziber Rayak irabazi dute 2025eko Etxepare saria 'Orkestra zooragarria' albumarekin

Ttipi-Ttapa 2025ko uzt. 1a, 11:30

Gotzone Butron eta Aitziber Raya, Etxepare Sariko irabazleak erdian loreekin, epaimahaikide eta antolatzaileekin.

Etxepare Saria Nafarroako 16 toki entitatek antolatzen dute, haien euskara zerbitzuen bidez. Horien artean daude Baztango Balleko Etxea eta Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatea. Etxepare Sariaren aurtengo edizioan 29 lan aurkeztu dituzte eta Gotzone Butron idazleak (Urduliz, 1965) eta Aitziber Raya ilustratzaileak (Murgia, 2001)aurkeztutako Orkestra zooragarria albumak lortu du 5.000 euroko saria. Saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratuko du udazkenean.

Lan irabazlea

Aitziber Akerreta (ilustratzailea), Idoia Sobrino (liburuzaina) eta Patxi Zubizarreta (idazlea) izan dira epaimahaikide eta beraien ustez, album hau erakargarria da begiekin gozatzeko, baina, gutxitan bezala, baita belarriekin entzuteko ere. Alde batetik, bikain eta neurritsu kontatuta dagoen istorio dibertigarria dakarkigu: ariak kantatzen aritzen den ama kantari bikain bat, animalietan ausartenak ere liluratzeko gai izateaz gain, egunerokotasuna itzulipurdikatzeko gauza dena –ederra da gizakiak eta piztiak harremanetan jartzea, biak mundu paraleloetan egokitu beharrean–. Eta, beste alde batetik, musika klasikorako gonbita eskaintzen digu, ausardiaz eskaini ere: argumentuaren haria partitura bat dugu oraingoan, Laura Esquivel idazleak La ley del amor nobelan egin zuen bezala, hiru kantu ditugu albuma irakurriz, ikusiz, eta entzunez goza dezagun. Gozatu: agian horixe da albuma ongien deskribatzen duen aditza, funtsean, egileek testu-ilustrazio eder eta bihurrien bitartez, orekan eta harmonian, horixe eskaintzen digutelako: gozamena

Orkestra zooragarria, izenak dioen bezala, zooragarria da. Musika eta fantasia maistraki elkarlotzen ditu, umorea ere txertatuz eta istorio dibertigarria bezain hezitzailea sortuz "pilula liburua" izatera iritsi gabe.

Irudiak oso onak dira, testuarekin guztiz bat datoz erabiltzen diren plano, tamaina eta kokapen desberdinak lana borobiltzen dutelako. Ipuinaren bukaeran, gainera, QR batzuk daude istorioan zehar aipatzen diren musika lanak irakurri bitartean aditu ahal izateko. Horrek irakurlea guztiz murgiltzen du eta gauza berriak ezagutzeko leiho bat irekitzen dio.

Interesgarria da baita ipuinean zehar egiten diren toki, hizkuntza eta kultura aniztasun keinu horiek guztiak ikustea, hori dena haurren heziketa ez tradizional batekin bateragarria dela erakustea, edo musika garaikidea zer den azaltzeko erabiltzen duen modu xume baina nahiko hortaz jabetzea. 

Espoilerrik egin gabe, haur guztiek etxean egiten ahal duten proposamen batekin bukatzen da ipuina eta hori orrialdeetatik kanpo fantasiarekin jolasean segitzeko gonbidapen zooragarri bat da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun