'100 urteko gerra Palestinaren aurka' liburuaren aurkezpena eginen dute Elizondon

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 30a, 10:00

Liburuaren aurkezpena izanen den lekua, Fantxikeko plaza. Argazkia: Utzitakoa

Palestinako kolonizazioa eta okupazioa ulertzea ahalbidetzen duen 100 urteko gerra Palestinaren aurka liburua argitaratu du Iñaki Alegriak eta uztailaren 3an aurkeztuko du.

Rashid Khalidi hiostorialariaren liburua erreferentzia gisa hartuta, euskarazko bertsioa sortu du Iñaki Alegriak, EHUko irakasle eta ikerlari erretiratuak. Palestinaren zapalkuntza du gai nagusi, baina kontakizuna eta lanketa ezohiko moduan egiten ditu, garrantzi historiko handiko sei pasarteren bidez. Balfour adierazpenaren, NBEren zatiketarako erabakiaren eta Nakbaren, Sei Eguneko Gerraren, Libanoko Gerraren, Lehen Intifadaren eta Osloko Itunaren bidez, zehazki. Horrela, gertakizun historikoak bizipen pertsonalekin uztartuz, «historiako liburu konbentzionalen mugak gainditzen dituen» kronika forma eta analisi sakona dituen liburua idatzi du Alegriak.

Aurkezpena ortzegun honetan izanen da 19:30ean Elizondoko Fantxike ondoko plazan Baztan Palestinarekin elkarteak eta Amezti elkarteak antolatuta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun