Baztango Udalak Ehun kolektibotik bidalitako mozioa eztabaidatu eta onartu egin du bertako alderdi guztien parte hartzearekin. Eta horrela, bere burua Euskal Errepublikaren parte dela deklaratu du, «Euskal Errepublika herritar guztion ongizaterako derrigorrezko erreminta» gisa aitortuz eta Ehun-en diskurtsoarekin bat eginez: «Udalek inork baino hobeki ezagutzen dituzte herritarron taupada eta beharrak. Hala ere, aunitzetan, herritar guztion interesak babesteko erremintarik gabe daudela uste dugu».
Erdiz eta Aroztegia
Ehun-en iritziz, bertako herritarren interesak defendatzeko erreminta falta Erdizko bazkalekuen eta Aroztegiko proiektuaren aferetan islatzen da. «Bi kasuetan, legediak baztandarron interes komunala zapaldu eta Baztangoak ez diren guti batzuen interes partikularrak lehenetsi ditu». Are, «Aroztegiko auzipetuekin eta Erdizko erreferendumaren ilegalizazioarekin, Espainiako legediak baztandarron borondatearen alde egitea delitu» bilakatu duela salatu dute.
Ondorioz, legedia «herritarren beharretatik urrun» sortzen dela ziurtatu dute eta herritarren aldeko legedi bat Espainiar Estatuan lortzea ezinezkoa dela defendatuta, Baztango Udalak Ehun-en alde egin du Euskal Herriko Errepublikaren beharra aldarrikatuz.