Iruritako erreboteko arkitektura plan bat saritu dute Segovian

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 26a, 19:00

`Ni arrai!´arkitektura planeko arkitektoak Segoviako sari banaketan. Argazkia: Utzitakoa

2025eko Richard H.Driehaus Arkitektura Lehiaketan, hiru arkitekto katalanek garatutako Ni Arrai! Iruritako erreboteko arkitektura plana saritu dute. Sari banaketa Segovian egin da eta Fernando Anbustegi, Baztango alkatea, hantxe egon da.

Richard H.Driehaus Arkitektura Lehiaketa nazioarteko lehiaketa irekia da eta toki bakoitzeko formak, materialak eta izaerak eustea, eguneratzea eta aldi berean jarraipena ematea du helburu. Gainera, hiri edota herri ingurune ederragoak, koherenteagoak, jasangarriagoak eta sozialki integratzaileagoak sortzeari jartzen dio arreta.

Edizio bakoitzean hainbat leku aukeratzen dituzte arkitektura proiektuak sortzeko horien bueltan; eta aurten Iruritako Herria izan da hautatuetako bat. Horrela, arkitekto ugarik Iruritako Herrian eraikitzeko arkitektura planak sortu dituzte  eta Javier Manén, Enric Mas eta Tomas Masó, hiru arkitekto katalanek sortutako Ni arrai! proiektua izan da saritua.

Ni arrai!

Ni arrai! arkitektura planak Iruritako erreboteko Dolantxea, hutsik dagoen eta Balleko Etxearen aldetik bereganatze prozesuan dagoen etxe zaharra, erreformatzea du oinarri. Etxea errebotean jokatzen den laxoaren interpretaziorako zentro bihurtzea proposatzen dute arkitektoek, begiratoki izateaz gain, espazio didaktiko, ludiko eta kultural gisa aprobetxatzeko. Etxeaz gain, kanpoko aldean duen baratzea lantzea eta berpiztea ere proposatu dute.

Fernando Anbustegi, Baztango alkatea, sari banaketan Segovian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!